Xalbador kolegioa Erasmus+ proiektuan onartu dute

Europako beste bost ikastetxerekin batera (Italia, Lituania, Malta, Portugal eta Londresekoak) Kanboko Xalbador kolegioa Erasmus+ proiektuan onartua izan da. Europar Batasunak osoki diruztatzen duen egitasmoak ikastetxeen arteko harremanak sustatzea du xede.

Kazeta|03/12/2018 07:05|0 commment
Ber_bertso_xalbador_colegioa_isabellemiquelestorena02
Erasmus+ egitasmoak kultura trukaketa ahalbidetuko du. (Artxibo argazkia) © Isabelle MIQUELESTORENA

Erasmus+ proiektua Europar Batasunak osoki diruztaturiko proiektu bat da. Bi urtez, sei ikastetxeren artean harreman digitalak sortzen dira eta hiru hilabetetarik behin, harreman zuzenak egiten dira, bidaien bidez. Harreman horietan erabiltzen den hizkuntza ingelesa da.

Bada, Kanboko Xalbador kolegioa proiektu honetan parte hartzeko onartua izan da. Harekin batera, Italia, Lituania, Malta, Portugal eta Londreseko beste bost ikastetxe izan dira hautatuak. Egitasmoak bi ikasturteko iraupena izanen du, aurtengoa eta 2019-2020koa.

Ikasleak banaka egoten dira harrera familien etxeetan eta haien familiako ikaslea segitzen dute bere kurtsoetan, baita jardueretan ere. Helburua da astearen bukaeran lan ardatz baten inguruan proiektu ttipi bat muntatzea, herrialde guzietarik jindako ikasle guzien artean. Irakasle bat ikasleekin batera izaten da. Irakaskuntza praktikak partekatzeko egina den dinamika da, helburu kultural eta linguistikoak ere dituena, bai ikasleentzat, bai irakasleentzat.

Lehen bidaia egina da jadaneko. Xalbadorreko 2 irakasle eta 3 ikasle Italiako Erroman izan baitziren azaroan. Ondoko bidaiak Londresera (martxoan), Portugalera (maiatzean) eta Lituaniara (urrian) izanen dira eta Kanbok 2010ko otsaila edo martxoan errezibituko ditu beste herrialdeetako ikasleak.