Kazeta

Lizeo eta kolegioetan euskara sarrarazteko erronka

Euskararen erabilera azkartzeko abenduaren 3ra arteko Euskaraldiaren ekimenek ez dute etenik. Baionan ondoko egunetan Villa Pia lizeoko ikasleekin eginen den ekimena da adibideetako bat. Euskara berreskuratuko bada, BAB hirigunearen gisako eremu erdaldunetako lizeoetan euskaraz irakasten hastea funtsekoa izanen da.

Euskaraldiari hasiera eman zioten Baionan azaroaren 22an iragan zen ekitaldi ofizialean. © Bob EDME
Euskaraldiari hasiera eman zioten Baionan azaroaren 22an iragan zen ekitaldi ofizialean. © Bob EDME

11 egunen erdialdera iritsi da Euskaraldia eta egunotan euskararen erabilera sustatzeko ekimenak Euskal Herri osora hedatzen ari dira. Alta, esparru ainitzetan euskarak oraino ez du lekurik ttipiena ere. Horien artean dira hiriguneak eta bertan kokaturiko lizeo zein kolegio gehienak. Zalantzarik gabe, euskararen berreskurapenean aitzinatzeko, heldu diren urteetan irauli beharreko errealitateetako bat izanen da.

Ildo horretan kokatzen da Euskaraldiaren karietara Baionako Villa Pia lizeoko ikasleei azaroaren 29rako luzatu zaien proposamena. Lizeo honetan bigarren urtez ari dira irakaskuntza elebiduna eskaintzen, kurtso erdiak euskaraz egiten direlarik. Edozein gisaz, oraino euskaldun guti dago eta euskara nahiz euskal kultura ezagutaraziz, emeki hizkuntza normalizazioan urratsak egin nahi dituzte.

Hori dela eta, duela aste bat lizeoko gela guzietatik pasa ziren Euskaraldiaren nondik norakoak aurkeztu eta ostegunerako prestatu duten ekitaldiaren berri ematera. Orotara 200 ikaslek, 20 bat langilek eta sukaldari enpresak eman dute izena.

Eguerditan euskal herri ezberdinetako tokiko ekoizpenekin egindako otordua prestatuko dute eta ondotik, lizeoko parkean zazpi tailer eginen dira. Hauetako bakoitzean euskal kirolez gain, partaideei euskara eta euskal kulturari buruzko galderak pausatuko zaizkie. Taldeetako euskaldunek lotura eginen dute erdaldunekin.

Antolatzaileek erran dutenez, lizeoan elebitasunaren alde egindako parioa erabaki politiko bat da eta urtero ekitaldi ezberdinak egiten entseatzen ari dira. Bistan da gisako erabaki politikoak beharko direla euskarak esparru berriak irabazi ditzan. Lizeo, kolegio eta oro har esparru guzietan.