Maite UBIRIA BEAUMONT

Macronen diskurtsoak ez ditu eragileak konbentzitu

“Hilabete bukaera” eta “planetaren amaiera”, justizia eta erronka ekologikoa, biak uztartzeko agindua du Emmanuel Macronek atzo iragarri zuen eztabaidaguneak. “Txaleko horiekin” mintzakidetza, berriz, Gobernuaren esku utzi zuen frantses agintariak. Lobby nuklearra alde batera utzita, buruzagi liberalaren agerraldiak inor gutxi ase zuen.

"Txaleko horien" mugimendua ez da eten. © BOB EDME
"Txaleko horien" mugimendua ez da eten. © BOB EDME

Iragan abuztuan bere dimisioa eman ondoren, isiltasuna hautatu zuen Nicolas Hulot Trantsizio Ekologikorako ministro ohiak. “Txaleko horien” protesta gori-gori zelarik, ordezkari ekologistak hitza berreskuratu zuen, joan den astean, justizia soziala eta erronka ekologikoa lotzeko formulazio zehatza emateko, gainera. “Liberation” egunkariaren bidez, hilabete bukaerara heltzeko zailtasunak dituzten herritarren kexak eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko politikak uztartzeko premia mahai gainean jarri zuen Hulotek, bi erronkak bateragarri direla aldarrikatuz.
Emmanuel Macronek "hilabete bukaera" eta "planetaren amaiera" izan zituen aipagai atzo, trantsizio ekologikoari buruzko biurteko plana aurkezteko egin zuen agerraldian. Izan ere, egitasmo murritza plazaratu zuen landa eremuetan lehenik eta ondoren Parisen azaleratu den haserre soziala baretzeko asmoz. Ondasun handien gaineko zerga egun batetik bestera ezabatu zuen presidenteak duda-mudak agertzen ditu herritar xume anitzek sentitzen duten "injustizia fiskalaren" zama arintzeko orduan.

Macronek iragarri zuenez, heldu den abenduan dispositibo berria ezarriko du Gobernuak erregaien prezioen gorabeherei erantzuteko fiskalitatearen bidez. Zehazki, erregaien salneurriek sabaia jotzen dutenean, horien gaineko tasak ttipitzeko edo eteteko erabakia hartuko luke Gobernuak. Neurria, edonola ere, ez da berehala sumatuko, Gobernuak oraindik zehaztu egin behar baitu zer irizpide eta epe finkatuko dituen prezioen eragina leuntzeko xedez.

Finean, erabaki isolatua eta gauzapen guztiz argia ez duen neurria proposatu zuen frantziar presidenteak. Hori gutxi ez eta, Macronek txaleko horien protesta baretu nahian eginiko lehenengo keinua berant heldu daiteke, erregaien prezioak piztu zuen mugimendua zabalduz eta aldarrikapen berriekin mamituz joan baita egunotan.

Horrela aditzera ematen dute txaleko horien "mezulariek" Matignonera joan aurretik Macronen plana kritikatzeko baliatu zituzten hitz lodiek. Sare sozialak baliatuz zortzi "hitz eramaile" hautatu dituzte oro har erosteko ahalmen galera salatzen duten txaleko horiek. Atzo bere lehenengo agiri ofiziala zabaldu zuen mugimenduak jakitera eman zuenez, 30.000 herritar inguruk parte hartu dute "aginduak emateko eskumenik ez duen" ordezkaritza hori hautatzeko Googlen bidez antolaturiko inkestan.

Era berean, txaleko horiek bere eginen dituzten hamarnaka eskaera zehaztu zituzten internautek. Plataformak oso bestelako eskakizunak jasotzen ditu, hala nola laguntza sozialen sistema aldatzea eskatzen du, enpresa txikiek ordaintzen dituzten zergen apaltzea edota Asanblea Nazionala eta Senatua bertan behera uztea horren ordez botere legegilea lukeen herritarren asanblada eratuz.

Eremu politikoan, berriz, LREM eta bere aliatu den MoDem alderdia kenduta, gaineko eragile guztiek adierazi zuten presidentearen proposamenek ez dituztela ez arazoak konponduko ez kaleak baretuko.

EDF konpainiaren mesedetan

Txaleko horien protestaren oinarria den erregaien gaineko zergari erantzun zehatzik ez emateaz gain, trantsizio ekologikoari buruzko ardatzak laino artean utzi zituen Macronek.

Hemendik 2030. urte bitartean gutxienez lau eta askoz jota sei erreaktore nuklear itxiko dituzte frantses Estatuan. Nicolas Hulotek eta haren ondorengoa den François de Rugy Ekologia ministroak zehazturiko bide orria kimatu du, beraz, Macronek. Biek ala biek 2028rako zortzi zentralen itxiera aurreikusten zuten-eta. Are, Macronen planaren arabera, zentralak ez dira guztiz itxiko. Bestalde, EPR motako erreaktore berriak eraikitzea baztertu badu ere, Macronek epea eman dio EDF enpresari 2021. arte egitasmo nuklear berriak aurkezteko. Enpresa elektrikoak eta lobby nuklearrak badute zer ospatu, beraz, atzoko iragarpenaren ostean. Behin atomoko industria babespean jarrita, berriztagarrien aldeko "urrats indartsua" hitzeman zuen Macronek 71 mila milioiko programa iragarriz.