Kazeta

Urrats berri bat Euroeskualdeko lan eremurantz

Akitania Berria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa biltzen dituen Euroeskualdeak web atari bat sortu du langileek eta lana xerkatzen dutenek informazio baliagarria izan dezaten.

Bidasoako bi aldeetako informazioa biltzeko sortu dute weborri berria. © NAFARROAKO GOBERNUA
Bidasoako bi aldeetako informazioa biltzeko sortu dute weborri berria. © NAFARROAKO GOBERNUA

“Mugaz gaindiko nagusi, lan eskatzaile edo langileek segitu beharreko urratsez, diplomez, zergez edota lan arauei buruzko informazio baliagarria”. Web atari berriaren sorrerarekin, Akitania Berria, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa batzen dituen Euroeskualdeak mugaz gaindiko lan eremua egituratzeko asmoari bultzada berri bat eman nahi dio.

Plataforma honekin hiru lurralde eremuetako lan eskatzaile eta langileei tresna eraginkorrak eskaini nahi die. Hiru hizkuntzetan den atariak hainbat informazio eskaintzen ditu, konparazio batera, bizitegietarako baldintzak, kontratazioari loturikoak, banketxe edo kontu profesionalen idekierari buruzkoak, garraioaz, hizkuntza gaitasunaz, ikasleentzat burtsa zein mugikortasun baliabideez eta diplomen balioztatzeaz.

Informazio hori hiru ataletan egituratu du. Batetik, “lan bila nabil” atalak lurralde eremu bakoitzean diren kalifikazio profesionalen berri ematen du. Bestetik, “mugaz gaindiko langilea naiz” klikatuz gero, lan eta gizarte eskubide nahiz betebehar fiskalen inguruko xehetasunak aurki daitezke. Azkenik, “profesionala naiz” atalak Euroeskualdean enpresa bat sortzeko edota lan kontratazioa egiteko behar diren baldintzak azaltzen ditu.

Hiru lurralde eremuetan eskaintzen diren formazioen inguruko informazioa ere eskuragarri dago. Hiru hizkuntzetako bat non ikasi edo hobetu daitekeen ezagutarazteaz gain, ikasleentzat mugikortasun, burtsa eta ikastaldien inguruko informazioa ere ageri da.