Kazeta

LABek irabazi ditu Sokoako hauteskundeak

LABek bosgarren aldiz segidan irabazi ditu Hendaian kokaturiko Sokoa enpresako hauteskundeak. Azaroaren 26an 226 langilek ukan zuten Komite Sozial eta Ekonomikorako langileen ordezkariak hautatzeko aukera.

LAB eta CFDT sindikatuek zerrenda bateratua aurkeztu dute Sokoa enpresan. © Isabelle MIQUELESTORENA
LAB eta CFDT sindikatuek zerrenda bateratua aurkeztu dute Sokoa enpresan. © Isabelle MIQUELESTORENA

Batez ere kadirak egiten dituen Hendaiako Sokoa enpresako hauteskunde profesionaletan LAB sindikatu abertzalea gailendu da. Aldi honetan, enpresaren baitako harreman ona kontuan harturik, LAB eta CFDT sindikatuek zerrenda bateratua aurkeztea deliberatu zuten. Bozken banaketan LABek %65a lortu du eta CFDTk berriz, %35a.

Bi sindikatuek aurkezturiko zerrenda bateratuak ekoizpen langileen artean 130 bozka jaso ditu, kopuru osoaren %84a, hain zuzen. Koadro eta funtzio agenteen kolegioan berriz, 53 bozka, %73a.

Emaitza hauekin, lehen kolegiorako hamasei ordezkarien artetik, LABek 12 eskuratu ditu, CFDTk 3 eta etiketarik gabeko zerrendak bakarra. Bigarren kolegioari dagokionez, lau ordezkarietatik 3 sindikatu abertzalekoak izanen dira, beste bat CFDTkoa izanen den bitartean.

Emaitza hauekin, Sokoako hauteskundeetan bosgarren urtez segidan LAB lehen indar gisa aukeratua izan da eta gehiengoarekin ekingo die ondoko hilabete eta urteei.