Kazeta

Laborantzarako bulego publikoa Gobernu frantsesaren mahai gainean

Lurrama azokaren abiatzearekin batera, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoaren lehendakariak Emmanuel Macronen aholkularien aitzinean Ipar Euskal Herrirako laborantza bulego publikoaren eskaerarekin bat egin zuen.

Jean-René Etchegarayk Lurrama baliatu zuen laborantza bulego publiko baten sorrera defenditzeko. © Bob EDME
Jean-René Etchegarayk Lurrama baliatu zuen laborantza bulego publiko baten sorrera defenditzeko. © Bob EDME

Lurrama azokaren 13. edizioaren idekierak, Euskal Herriko elikadura burujabetza eta laborantzaren aldeko bataila berri bat ere ideki zuen. Azaroaren 16an, Biarritzeko Irati erakustazokan, Euskal Elkargoaren lehendakariak Ipar Euskal Herrirako laborantza bulego publiko bat sortzea defendatu zuen. Proposamena presidente frantsesaren hiru aholkulariekin izandako bilkuran egin zuen.

Bilkurak ez zuen nehongo engaiamendurik ekarri, baina Elkargoko lehendakariaren ekimenak irismen politiko handia du. Orain bi urte Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) proposamen hori egin zuenetik, hau baita lehen aldia Jean-René Etchegaray publikoki gai horri buruz aritzen dena.

Aurreikusi denez, bulegoa eztabaida eta proposamenetarako gune bat litzateke. Bertan parte hartuko lukete Estatuko, Akitania Eskualdeko, Pirinio Atlantikoen departamenduko eta Euskal Elkargoko ordezkariek. Bulegoaren sorrera Parisek hartu erabakien menpe da, halako tresnarik ez baita Estatu frantses osoan. Ondorioz, abian jarri ahal izateko lege bat egin beharko litzateke.

Tresna bat laborantzaren konpetentzia gauzatu ahal izateko

Bitartean, laborariak pazientzia galtzen hasiak dira: “Sobera emeki ari gara mugitzen, abiadura bizitu behar dugu”, adierazi zuen duela guti Beñat Molinos EHLG-ren presidentekideak. Elkartearen egoitzan, hautetsi, sindikalista eta laborarien aitzinean erran zuen hori. Elkargoko lehendakariak, haatik, urak baretu nahi izan zituen, “eraginkortasunerako aterabideak bilatzen ari naiz. Borrokan sartzen ahal gara proiektu sendo bat plantan emanez gero”, iradokiz.

Bulegoa laborantzaren konpetentzia bere osotasunean gauzatzeko tresna bat litzateke. Euskal Elkargoaren sorreran konpetentzia honen lorpena gehiegizkotzat jo izan zen. Halere, Jean-René Etchegaray zuhur mintzatu da. Bulegoak ez luke laborantza ganbara zalantzan ezarriko, baina “Euskal Herriko laborantzaren errealitateari erantzuteko modua litzateke”.

Halako urrats batek konstituzio frantsesaren erreforma egitea galdegiten du eta jakina da halako prozedurak denboran luzatzen direla. “Errepublikako presidentea gure lurraldearen berezitasunez ohartarazi dut. Laborantzak hemen duen lekua biziki garrantzitsua da. Aktiboen kopurua %7koa da, Estatuan %3koa den bitartean” erran zuen Etchegarayk. Lurrama da errealitate honen ispilua.