Kazeta

FDSEA 64 laborantza sindikatuak hauteskundeetarako lista aurkeztu du

Pirinio Atlantikoen departamenduko sindikatuen federazioak (FDSEA) Paueko Laborantza Ganbararako hauteskundeei begirako zerrenda aurkeztu zuen. Biarno eta Euskal Herriko aniztasuna biltzen entseatu da. Ez du bat egiten Ipar Euskal Herriak laborantzarako bulego publiko propioa ukaiteko eskakizunarekin.

Pirinio Atlantikoen departamenduko sindikatuen federazioak (FDSEA) Bardozen antolatutako agerraldia. ©Isabelle Miquelestorena
Pirinio Atlantikoen departamenduko sindikatuen federazioak (FDSEA) Bardozen antolatutako agerraldia. ©Isabelle Miquelestorena

Estatu frantsesean hedadura duen FDSEA sindikatuak, Paueko Laborantza Ganbarari begira izanen diren hauteskundeetarako bere zerrenda aurkeztu zuen joan den azaroaren 19an. Hemezortzi hautagaietatik erdia Biarnokoak dira eta beste erdia Euskal Herrikoak. %33 berriz, emazteak. Zerrendaren aurkezpena haien hautagaietako bat den Patricia Dagorreten Bardozeko etxaldean egin zuten.

Sei urterik behin itzuli bakarrean egiten diren hauteskundeak 2019ko urtarrilean iraganen dira. Egun 45 kide dira hautatuak, baina heldu den urtetik landa 33 izanen dira.

Historikoki Pirinio Atlantikoetan nagusi izan den sindikatuak bi lurraldeen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen. Bozka ematen ahal dutenen %70ak parte hartzen duela oroitaraziz, FDSEAren ordezkariek laborariek ganbara ofizialarekiko duten atxikimenduan ezarri zuten arreta. “Haien ganbara nahi dute” erran zuen Bernard Layre zerrendako buru eta FDSEAren tokiko presidenteak. Bitartean, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak espazio bat betetzen du Euskal Herrian eta jadaneko hamar urteko ibilbidea du.  

Sindikatu honetako arduradunek ez dute interesik Ipar Euskal Herriak laborantzarako bulego publiko bat uka dezan. Preseski, Lurramaren idekiera egunean, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Emmanuel Macronen aholkularien aitzinean defendatu zuen proposamen hori. Bikoiztasunari diote beldur. “Donapaleuko orientazio batzordea indartu da, hor bildu eta borrokatu behar gira”, erran zuen Patrick Etchegaray Landibarreko hazle eta Ganbarako presidenteorde denak.

Bozken kondaketaren afera

Oreka eta berdintasunaren mesedetan, federazio honetako hautagaiak prest agertu dira bi lurraldeen bozken kondaketa berezitua egiteko, baina berdintasun baldintzetan. “Ados gara, baina ELBk departamendu osoan aurkeztu behar ditu hautagaiak eta bere hemezortziak soilik lurralde batekoak baldin badira, hori abantaila bat da”, adierazi du Bernard Layre zerrendaburuak.

Duela sei urte ELB Biarnoko Confédération Paysannekin batera aurkeztu zen bi lurraldeetan, baina kondaketa arrondizamenduka egin zen eta ez kantonamenduka. Xiberoa Oloroeko arrondizamenduan denez, sistema honek ez zuen Euskal Herriko laborantzaren errealitatea islatzen.

FDSEAren hautagaiak departamenduko aniztasunaren alde agertu dira eta haien erranetan, eredu bakarra defendatzen duten “aiatola nazionalen” uholdearen kontra dira. Zehazki, arazo hau Bardozen eta Bidaxunen ageri da, baztertuak baitira. Haientzat ez da baliabiderik, baina diotenez, departamenduak 200 herritako perimetro bat proposatu du, Xarneguko bi herriak barne bilduko liratekeelarik. Urte eta hektareako 75 euroko laguntza emanen lukete eta Parisek begi onez ikusiko luke proposamena.

Ganbarako presidente den Guy Estradek (zerrendan zazpigarrenak), instituzioak egindako lana goraipatu zuen. Etxaldeetan urtero lau mila interbentzio izan dira eta azken sei urtetan 40 lanpostu gehigarri sortu direla defendatu zuen: “Hau da laborarien zerbitzura erantzun tekniko eta anitz bat eskaintzen ahal duen egitura bakarra”. Kanpaina abian da jadaneko, baina pentsatzekoa da eztabaidak heldu den urtarrilaren 31tik landa segituko duela.