Iurre BIDEGAIN

Ahmed: “Bizia izanez gero, bada itxaropenik”

Ahmed Euskal Herrira ailegatu diren milaka etorkinetariko bat da. Etorkinekin kolektiboari esker, Baionara iritsi ondotik, Amikuzeko familia batek bere etxean aterpetu du. Mauleko Champo lizeoko ikasle berri honek iraganari behako bat bota eta, itxaropenez beteriko etorkizuna nola irudikatzen duen kontatu du.

Ahmedek hamasei urte ditu. Bederatzi urte zituen etxetik joan behar izan zuenean, Boli Kostatik. Bere burasoen heriotza dela eta, bere ttanttak aterpetuko zuela espero zuen, baina bere ottorekin izandako kalapita baten eraginez, kanporatu zuten. Geroztik, karrikan lo egin du, gosea pasa du, basamortua zeharkatu behar izan du eta Estatu espainiarrera bidaiatu du bere bizia arriskuan ezarriz.

Bere jatorrizko herrialdetik, Malira joan zen. Malitik Aljeriara eta Aljeriatik Marokora. Lagun batek eskainitako diruari esker kautxuzko txalupa bat hartu ahal izan zuen Estatu espainiarrera joateko. Bidaia hori arras ongi gogoratzen du gazteak itsasontzira igo bezain laster, txalupa zulatu egin zitzaielako.

Tarifatik Bartzelonara joan zen Ahmed eta bertatik Irunera, Bilbotik pasatuz. Bidasoa zeharkatzea zaila egin zitzaion. Poliziaren kontrolak direla eta, lau aldiz saiatu zen Hendaiara heltzen eta azkenean, bosgarren aldian lortu zuen bere helburua. Baionan Etorkinekin kolektiboarekin topo egin zuen; bizi bat eraikitzeko aukerari atea ireki zion ezagutza da.

Geroz eta indartsuagoa den elkartasun sareari esker, Ahmed gaur egun Mauleko Champo lizeoko ikaslea da. Asteburuetan zein bakantzetan Behauzeko Felix Castets eta Monika Haranen etxera doa. Musika jotzeaz gain, baratzean ere aditua bilakatu da.

Etorkinekin kolektiboaren bidez errefuxiatu estatusa lortzeko prozedura abiatu du. Bere sortze agiria lortu ondotik, bere burasoen ehorzketa agiria lortu behar du. Agiri hori eskuratzeko, kolektiboaren bidez, Ahmedek dirua bidali behar du Afrikara.

Ahmed pozik da. Haatik, imajinatzen ez zuen Europa batekin topo egin duela aitortu du. Gaur egun, Estatu frantsesaren laguntza eza deitoratu du. Oztopoak oztopo, bere anaia Afrikatik ekarri eta Estatu frantsesean bizi nahi du. Helburua lortzeko bidean, ez du zalantzarik zailtasunetan daudenak lagundu nahi dituela. Bere iritziz, elkar laguntzari esker gizarteak berak aitzinera egiten ahalko du.