Hezkuntza eremuan Estatu frantses mailan hiru sindikatu nagusiek (FSU, UNSA-Education eta SGEN-CFDT) egindako greba deialdiarekin bat egin du LAB sindikatuak. Geldialdirako deia gaurko egina da, besteak beste, kolegioetan nahiz lizeoetan iragarri diren 2 650 posturen ezabatzea salatzeko. Sindikatu abertzalea etorkizuneko belaunaldientzat “hezkuntza emantzipatzaile eta justu” bat eskaintzeko mobilizatuko da.
“Ebaluazioekiko obsesioa, bereizketa soziala emendatzen duten erreformen inposizioa, milaka lanposturen ezabatzea, prekarietatearen hedatzea, estatutu nahiz eskubideen haustea edo euskaraz irakasteko baliabide urriak” salatzen ditu LABek.
Ildo horretan, sindikatuak euskara sustatzeko benetako hizkuntz politika bat exijitu du. Baita hezkuntza sistema osoan irakasle titularren postuak emendatu eta egun prekarietatean diren langileak baldintzarik gabe tituludun egitea ere. Neurri horiekin batera, lan orenak apaltzea, langileen osasuna bermatzeko lan baldintzak hobetzea eta klaseko ikasle kopuruak gutitzeko eskaerak jasotzen ditu LABen aldarrikapen taulak.
Gaurko, greba deialdiaren karietara, manifestazioa eginen da Baionan, goizeko 10.30tatik goiti, Santa Ursula plazatik abiatuta.