“Euskal oroitzapena, itzaletik argira” ekitaldia eskainiko dute Baionan

“Euskal oroitzapena, itzaletik argira” emango dute Baionan, Lehen Mundu Gerraren amaieraren mendeurrenean. Azaroaren 10ean iraganen den ekitaldian antzerkia, kantua, dantza eta bertsoak batuko dituzte.

Idoia ERASO|09/11/2018 07:05|0 commment
Guz_itzaletik-argira_antzerkia_entsaioa_baiona_imiquelestorena07
Larunbatean eskainiko duten antzerkia Gaizka Sarasolak idatzi du. ©Isabelle Miquelestorena

Armistizioa sinatu zenetik 100 urte eginen ditu igandean, eta Lehen Mundu Gerraren bukaera ospatzeko milaka ekimen izanen dira Europan. Ipar Euskal Herrian bost elkarte bildu dira “Euskal oroitzapena, itzaletik argira” ateratzeko, eta ikusgarri baten bitartez ezagutarazteko. Larunbatean, Baionako antzokian Bernat Etxepare Lizeoak, Bertsularien Lagunek, Zizpa Gaztetxeak, 1609 elkarteak eta Epaiskak egindako sorkuntza ikusteko parada izanen da, Garako artikuluak azaldu duenez.

Antzerkia, kantua, dantza eta bertsoak elkartuko ditu. Gorka Knörr eta Nat eta Watson musikariekin, beste kantari ezagun bat ere izanen da taula gainean, baina bere izena ez dute ezagutzera eman nahi izan.

Antzerkia Gaizka Sarasolak idatzi du, eta proiektuaren inguruan bildu den jendeak antzeztuko du. Seaskako Bernart Etxepare Lizeoko ikasleek sortutako dantza taula gainean eskainiko dute. Bertsoak Sustrai Colinaren eta Amets Arzallusen eskutik helduko dira, ikusiko dutenaren inguruan inprobisatuko baitute.

Ikuskizuna bideoan grabatuko da, bertan bildutako ezagutza zabaldu ahal izateko. Estatuak euskaldunak Frantziaren alde borrokatu zirela aldarrikatzen badu, ikuskizunean azalduko dute Ipar Euskal Herriko gizon anitz behartuta joan zirela, eta kopuru handietan intsumiso eta desertoreak izan zirela. Aldi berean, gerraren kontakizun ofizialaren bitartez eman den frantses izaeraren asimilazioa agerian emanen dute. Sarrerak: euskaloroitzapena@gmail.com.

Liburua

Ikuskizuna egiteko bildu den informazioa oinarri hartuta 1609 elkarteko kideak, bereziki Ibai Telletxea, liburua prestatzen ari dira. Artxiboetan lortutako informazioarekin, elkarrizketekin, eta abar osatuko dute obra.