Kazeta

Euskal Elkargoak indarkeriaren biktima diren emazteak babestuko ditu

Indarkeria sexistaren biktima diren emazteen gaia Ipar Euskal Herriko gaurkotasunera itzuli da. Estatu frantsesak emazte hauek babesteko etxebizitzarik ez duela finantzatuko jakinarazi duen bitartean, Euskal Elkargoak eremu horretan bere ekintzak azkartzeko asmoa agertu du.

Euskal Elkargoko lehendakaria den Jean-René Etchegaray.
Euskal Elkargoko lehendakaria den Jean-René Etchegaray.

Pirinio Atlantikoetako prefekturak azaroaren 2an iragarri zuen Estatu frantsesak ez dituela tratu txarrak jasaten dituzten emazteentzat apartamentuak finantzatuko. Demanda hori Baionako ministerio publikoak egin zuen hilabete batzuk aitzin. “Hau da mota honetako eskaera bat egiten dugun lehen aldia, baina urte honetan egoera bereziki zailean aurkitzen gara”, adierazi zuen Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak.

Atherbea elkarteak emazte hauentzat zortzi leku ditu Euskal Herrian. Alta, emazte bat haur batekin edo gehiagorekin arribatzen delarik, lekua fite betetzen da. Vuelta Simonek jakitera eman du gabezia hori etxebizitza berri batekin bete nahi zutela. Egindako eskaera gibelera bota badute ere, beste buxet batzuetan eskaera berriak eginen dituztela iragarri du.

Paradoxikoki, urriaren 30ean, Euskal Elkargoko Kontseilu iraunkorreko hautetsiak ekintza sozialaren inguruko deliberazioan doikuntza bat proposatzekotan ziren. Proposamen hori azaroaren 3an zen eztabaidatzekoa 44 hautetsik osaturiko Kontseiluan. Neurri hauen xedea da indarkeria sexistaren biktima diren emazteentzat lan, etxebizitza eta oro har eskubideak bermatzeko ekintzak areagotzea.

“Estatuak egiten ez duena, guk eginen dugu”

Elkargoko eta Baionako hautetsi den Martine Bisautak denbora darama gai honetan lanean. 2015ean jadaneko emazteen kontrako indarkeriari buruzko behategi bat sortzeko lan garrantzitsu bat egin zen. Bisauta proiektu horretan aritu bazen ere, prefetak hartu zuen bere gain, argudio honekin: proiektuak soilik Euskal Herria hartzen zuela kontuan eta ez departamendua. Beraz, konpetentzien afera ageri da gai honetan ere.  

Bisautak adierazi zuenez, “orain eginen ditugun doikuntzak identifikatu diren lehentasunezko beharrei buru egiteko balioko dute. Eskubideetara sarbidea ukaitea da lehentasun horietako bat. Elkargoak lurralde osoan bulego iraunkorrak idekitzea ahalbidetu behar du. Harrera bat ukaiteko emazteak orain Baionara jin behar dira eta hori zailtasun bat gehiago da beraientzat”.

Estatu frantsesak aipatu etxebizitza finantzatzea errefusatu eta bi egunetara, minduta agertu zen Euskal Elkargoaren lehendakari eta Baionako auzapeza den Jean-René Etchegaray. Adierazi zuenez, Elkargoak estatuaren lekukoa hartu eta emazte hauentzat F3 motako etxebizitza eskuragarri ezarriko du. “Estatuak egiten ez duena, guk eginen dugu”, baieztatu zuen.

Biktimologia gune bat geroari begira

Urrats hauek ikusirik, ministerio publikoa indarkeria sexistaren biktima diren emazteak aterpetuko lituzkeen biktimologia gune bat sortzeko lanean ari da. Baionan kokaturik, ospitalearekin lankidetzan arituko da. Hamar eta hamabost pertsona arteko talde bat osatuko litzateke, tartean gizarte langile bat, psikologoak, psikiatrak, medikuak eta poliziaren bat leudekeelarik.

Gune honek emazte guziak errezibituko lituzke, baita salaketa ezarri ez dutenak ere. Prokuradorea Eskualdeko Osasun Zentroaren balioztatzearen zain da, honek urteko buxetetik 250.000 euro eman beharko bailituzke. Zalantzarik gabe, gune honen idekitzeak Ipar Euskal Herrian indarkeria jasan duten emazteentzat aitzinamendu garrantzitsua ekarriko du. Alta, halako neurriak kostaldean zentralizatzeko dagoen tendentzia ikusita, barnealdeko emazteen egoera ez ahanztea inportantea izanen da.