Madril eta Tolosako 16ekin, 774 dira ETAk bere gain harturiko heriotzak

GARA egunkariak azaroaren 6an publikaturiko zifrak zuzendu ditu egun bat geroago. Desegin aitzineko “Zutabe” aldizkarian ETAk 1974an Madrilen eta 1981ean Tolosan egindako ekintza armatuak lehenengoz bere gain hartu ondotik, 16 gehiago dira erakundeak eragin zituen heriotzak.

Kazeta|07/11/2018 09:14|0 commment
Guz_arnaga_bobedme122
ETAren bukaerari bermea eman zioeten nazioarteko eragile anitzek Kanbon. © Bob EDME

Bere azken “Zutabe” aldizkarian lehen aldiz bi ekintza armatu onartu zituen ETAk. 1974an Madrilgo Segurtasun Orokorreko Zuzendaritzaren ondoko kafetegi batean izandako leherketan hamahiru pertsona hil ziren eta 1981an Tolosan poliziekin nahasturiko beste hiru. Beraz, 16 heriotza hauek azaroaren 6an publikaturiko zifrei gehitu behar zaizkie, orotara 774 direlarik maiatzean desegindako erakundeak eragindako heriotzak eta ez modu okerrean azaroaren 6an argitara emandako 758ak.

Estatu espainiarreko hedabideek eta Coviteren gisako erakundeek GARAk publikaturiko informazioari erreferentzia egin zioten. Preseski, gaur arte ETAk bere gain hartu gabeko bi ekintza armatu horietan ezarri zuten arreta. Horrela, Efe agentziak “37 urteren ondotik, ETAk euskarazko liburuen hiru saltzaile hil zituela onartu du” izenburua ezarri zuen bere teletipoan. Europa Press-ek berriz “44 urte geroago, ETAk Madrilgo Correo kaleko hilketa eta 1981an Tolosako beste atentatu bat bere gain hartu ditu” idatzi zuen.

Covitek, bere aldetik, “onartezintzat” jo zuen deseginda dagoen erakundeak “853 pertsona erail zituela ez aitortzea” eta gaineratu zuenaren arabera “2.597 pertsona zauritu zituen, 10.000ri estortsioa egin zien eta 100.000 erbesteratu eragin zituen proiektu politiko antidemokratiko eta totalitario bat defendatzearren”.

RELATED NEWS