Kazeta

Ahate hazleak sostengatu dituzte Paueko auzitegian

Hegazti gripearen garaian ahate sanoak hiltzeari uko egin zion Cathy Chabalgoity Barkoxeko laboraria eta Panpi Sainte-Marie ELBko idazkaria Paueko auzitegira deitu zituzten azaroaren 5ean. Sostengua adierazteko, 150 bat lagun bildu ziren epaitegiaren atarian. Justiziak bere deliberoa jakinaraziko du abenduaren 10ean.

Paueko auzitegian antolatutako mobilizazioa. ©Xan Idiart
Paueko auzitegian antolatutako mobilizazioa. ©Xan Idiart

ELB sindikatuak luzaturiko deiari jarraituz, 150 bat lagun inguratu ziren atzo eguerdian Pauerat. Bearnoko hiriburuko Dei Auzitegiaren atarian, handik bi ordura abiatu zen auzia salatzea zuten xede mobilizazioan parte hartu zuten lagunek. EH Bai eta Berdeak alderdiek, besteak beste, bat egin zuten laborarien aldeko ekimenarekin, Garako artikuluak azaldu duenez.

Barkoxeko Uhartia etxaldeko Cathy Chabalgoityk herritarren sostengua eskertu zuen auzitegiaren eskaileretan. Ahate sanoak hiltzeari uko egin zion hazlea "bihotz bero" sartu zen auzitegian. Bere ondoan Panpi Sainte-Marie ELBko kidea zuen. Izan ere, fiskalak laborarien sindikatuari egotzi zion ahateen sakrifizioaren ardura zuen departamenduko osasun elkartearen lana trabatu izana.

Zehazki, 2017ko apirilaren 14an eta 21ean Uhartia etxaldean izandako gertakariak hartu zituen ardatz prokuradoreak bere akusazioan. Bertan bildutako 300 bat lagunek ez zieten utzi arduradun sanitarioei etxaldean sartzen. Protesten ondorioz, prefetak Uhartia zein Gabadi eta Domintxaineko beste etxalde bi zaintzapean jarri zituen.

Ondoko hilabeteetan haztegietan eginiko analisi guztiek, ordea, kutsadurarik ez zegoela baieztatu zuten. Halere, administrazioak salaketak jarri zituen Pauen eta Baionan. Oraingoz, Pauen jarritako salaketa baizik ez da auzitara heldu.

Hain zuzen ere, urtebete eta erdi igarota, auzia egitea "ulergaitza" egiten zitzaion Chabalgoityri. Sainte-Mariek, bere aldetik, "arduraz jokatzeaz errudun gara soilik" defendatu zuen. ELBko kideak oroitarazi zuenez, "izurritea bukatzear zelarik, sen onak esaten zigun ahate sanoak ez genituela hil behar; are gehiago, protestak egin ondoren Prefeturak gure hautua onartu zuen, analisiek kutsadurarik ez zegoela frogatu zutenean". Laborarien defentsan, atzoko auzi saioan lekuko gisa aritu ziren, besteak beste, Mauleko auzapeza, Euskal Elkargoko Ekonomia arduradun Mixel Etchebest eta Perico Legasse Legasse kazetari eta gastronomia aditua.

Epaia abenduaren 10ean

Auzian akusazioa burutu zuen DDPP populazioaren babeserako departamenduko batzordeak 2.000 euroko eskaera luzatu zuen, prozedurak eragindako gastuak estaltze aldera, eta euro bateko isun sinbolikoa. Alta, prokuradoreak gogorrago jokatu zuen, Chabalgoityren aurka bete beharrik gabeko 3 hilabeteko kartzela zigorra eta 8.000 euroko isuna eskatuz, eta 10.000 eurokoa ELB sindikatuarentzat.