Joseba AURKENERENA
Fotoefectos
Giza ehiza Pausuko eta Hendaiako karriketan

IRITZIA- Egun hauetan polizia kontrol eta jazarpen handia ari da egiten Pausuko eta Hendaiako karriketan. Gipuzkoatik datozen zubietatik barna Lapurdira pasatzen ari diren gazte etorkinak geldiarazten, uxatzen edota atxilotzen dituzte. Jendea “harrituta” dago horrelako indarkeria ikusita. Horixe da Aurkenerenak lerro hauen bidez salatzen duena.

06/11/2018 07:20 | 0 commment

Egun hauetan Pausuko eta Hendaiako karriketan burura garai bateko oihartzunak dakarzkiguten irudiak ari gara ikusten. Polizia nonahi, CRSak eta gainerakoak bazter guztietan, karrikak patruilatzen, Gipuzkoara doazen zubiak miatzen, autoak ikuskatzen eta beltz edo mairu usaina duen oro uxatzen edota atxilotzen. Bizilagunak harrituta daude horrelako indarkeria ikusita. Uneoro ari dira mutil gazteen harrapaketan. Gehienetan Gipuzkoara uxatzen dituzte, bestetan atxilo eramaten dituzte. Era guztietako pasarte itsusiak ari gara ikusten.

Jende gehienak ez dira ados jazarpen horrekin eta sarritan gazte etorkinak laguntzen dituzte poliziak non dauzkaten zain salatuz. Baina ez da aski, zepo batean erortzen ez badira bestean eroriko baitira. Mutil gazte horiek ---gehien-gehienak mutilak eta gazteak baitira--- ez dituzte bazterrak ezagutzen. Itsu-itsuka dabiltza alde batetik bestera. Salduta daude beti. Gizagaixoak!

Nazien sarekadak edota Hegoaldean, frankismoaren garaian eta berantago egindako jazarpenak datozkit gogora. Herenegun juduak ziren, atzo euskaldunak eta gaur Afrikako miseriatik ihesiz trumilka datozkigun etorkinak. Eta okerrena zera da, ez dudala inolako irtenbiderik ikusten. Mendebalde aberatsak Afrika ustiatu eta pobretu du eta orain mendebaldarrok sortutako miseriatik ihesiz Europara datozkigunean, botere politikoaren erantzuna horrelako jazarpena da. Irtenbide bakarra Afrika garatzen laguntzea litzateke, eta baliabideen lapurreriari bukaera jartzea, baina, jakin badakigu, kapitalismoak ez duela hori inoiz eginen.

Non dira giza baloreak? Non da elkartasuna? Non da gizateria zibilizatu famatu hori? Non dira demokrazia aho zabalez aldarrikatzen duten politikari eta intelektual adoretsu horiek? Dena gezurra!!!

Eta bitartean, Pausuko eta Hendaiako karriketan giza ehiza eguneroko kontu tristea ari zaigu bilakatzen.