Euskara erabiltzeko tresnak herritarren eskura

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen den Euskaraldiaren karietara, euskararen erabilera areagotzen laguntzeko hainbat saio eginen dira. Azkainen Gemma Sanguines psikolinguistak mintzaldia eskainiko du heldu den azaroaren 9an.

Kazeta|06/11/2018 14:06|0 commment
Gasteiz_euskaraldia
Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra iraganen da. (ALEAren irudia)

Euskaraldia hurbiltzen ari den honetan, Euskal Elkargoak “Euskaraz bizi: tresnak eta azalpenak, euskararen erabilera areagotzeko” izeneko mintzaldi-tailerra antolatu du Azkainen. Azaroaren 9an iraganen da, Biltoki gelan, arratsaldeko 19.00etan hasita.

Gemma Sanguines psikolinguistaren eskutik eginen den tailer parte hartzaile honen xedea  Euskaraldian izena eman dutenei tresnak eskaintzea da, ariketa horretan hobe senti daitezen. Iragarri dutenez, saioa publiko zabalagoari zuzenduko zaio eta hori dela eta, bat-bateko itzulpena ere izanen da.   

Beste hainbat herritan ere hamaika egunez Ahobizi eta Belarriprest izanen diren herritarrei aholkuak eman eta hizkuntz ohiturak aldatzen laguntzeko hainbat saio eginen dira. Horien artean, Lurramak ezagutzera emana du azaroaren 17an goizeko 10.00etatik 12.00etara tailer bat izanen dela Biarritzeko Irati erakustazokan.