Bigarren fasea ideki eta iritziak biltzen segitzen du Baterak

Euskal Elkargoaren gobernantzari buruz Batera plataformak audita bat abiatu zuen joan den irailean. Lehen fasean tokiko hamasei bilkura egin dira, 150 lagun inguru bilduz. Bigarren faseari ekin dio jadaneko plataformak eta bi deialdi egin ditu aditu nahiz hautetsiak entzuteko.

Kazeta|02/11/2018 07:20|0 commment
Batera
Adituen gogoetak entzuteko parada eskainiko du azaroaren 3an Ezpeletako merkatu plazako Patronage gelan. (@Taberna_G)

Batera plataformak joan den irailean iragarri zuen Euskal Elkargoaren gobernantzari buruz iritzi biltze bat abiatuko zuela. Lehen fasean tokiko audizioak egin dira, herritarren iritzi orokorra eta pertzepzioak entzuteko xedez. 150 lagun inguru bildu ondotik, ekarpen eta galdera andana bat jaso dituela jakinarazi du plataformak.

Orain bigarren fasean sartu da entzunaldi edo iritzi bilketa hori. Bertan adituak eta Euskal Elkargoan karguak dituzten hautetsiak entzunak izanen dira, helburutzat hartuz lehen faseko bilkuretatik atera diren galdera eta iritziei erantzunak ematen hastea.  

Aditu eta hautetsiak entzuteko bi deialdi

Xede horrekin, heldu den azaroaren 3an Ezpeletako merkatu plazako Patronage gelan hainbat adituren gogoetak entzun ahalko dira. Goizeko 9.30ean hasi eta 12.00ak bitarteko saioan André Garreta (Merkataritza Ganberaren lehendakaria), Caroline Phillips (Garapen Kontseiluko lehendakaria), Matiu Etcheverry (Euskal Elkargoaren gobernantzan karguduna), aditu juridiko bat eta ACADIE kabineteko kide bat mintzatuko dira.

Azaroaren 10ean berriz Euskal Elkargoko hautetsiak entzun ahalko dira, leku eta ordu berean. Baterak hautetsien zerrenda osatzen ari dela jakinarazi du.

Bilkura hauetara lehen fasean parte hartu duten pertsonak gomitatuak izan dira, baina horietan egon ez zirenek ere parte hartzeko aukera ukanen dute. Azaroaren1a aitzin eman behar da izena, www.plateforme.batera@gmail.com e-mailera idatzita.