Iurre BIDEGAIN

Baionak besoak zabaldu dizkie etorkinei

Baionako Herriko Etxeak etorkinak aterpetzeko gune bat ireki berri du Lesseps kaian. Diakite elkarteak kudeatzen duen guneak Lapurdiko hiriburutik pasatzen diren errefuxiatuei laguntza eskaintzen die.

Etorkinak Baionan.
Etorkinak Baionan.

Badira aste batzuk Baionako Euskaldunen plazara ailegatzen ziren etorkinen kopurua emendatu zela. Etorkinekin kolektiboak Herriko Etxeari migratzaileen alde engaiatzea galdegin zion azken kontseiluan. Eskakizuna entzun eta harrera baldintza hobeagotan egiteko xedez gune berri bat ideki du aste honetan Lesseps kaian.

Iragan astean Jean-René Etchegarayk Atherbea elkartea, Euskal Elkargoko zerbitzuak eta prefekturakoak bildu zituen problematika nola landu aztertzeko. "Populakuntza hori hor dago eta ahalik eta neurri egokienak plantan eman behar dira", gehitu zuen.

Ehun bat etorkin egunero aterpetuak dira Diakite elkarte berriak kudeatzen duen gunean. Diakite elkartea Etorkinekin kolektiboko kidea da. Maite Etcheverry Diakiteko presidenteak azaldu duenez, beren eginkizuna "urgentziazko egoerari" konponbideak atzematea da. Etorkinekin kolektiboa, haatik, "iraupen ertain-luzera" Euskal Herrian gelditu nahi duten etorkinez arduratzen dela dio.

Etcheverryk azaldu duenez, beren bidaia segitu baino lehen Baionan geldiune bat egiten dutenei laguntza eskaintzen diete, "autobus txartelak erosteko, mugikorren bateria kargatzeko eta prozedura juridikoei buruzko informazioa eskaintzeko", besteak beste. "Baionan pasatzen duten denbora ahalik eta atseginena izatea nahi dugu", erran du. Hain zuzen, berrehun metro karratuko gunean ez da oherik instalatuko, berez ez delako prestatua iraupen luzeko aterpetzeentzat.

Erakundeak janaria ere ematen die bertara gerturatzen direnei. Herriko Etxea bazkariaz arduratzen da eta gosaria zein afaria laguntzaileen esku gelditzen da. Jantziei dagokienez, "gaindituak" direla aipatu du Etcheverryk. Gune berrian jantziak gordetzeaz gain, beste bi elkarte sozialen guneetan ere metatuak dituzte. Orain arte bildutakoa sailkatu eta banatzea lehentasunezkotzat jo du presidenteak.

Zerbitzuaren ibilmolde egokia ziurtatzeko helburuz, Euskal Elkargoak, Atherbea elkartearen laguntzarekin, zazpi pertsona enplegatuko ditu: gaueko zaindariak eta harrera ziurtatzeko pertsonak. "Populakuntza hori iristen den hiriko auzapeza naiz. Bere bidea segitu nahi duten pertsonentzat baldintza duinak atzemateko ardura dut", nabarmendu du Jean-René Etchegarayk.