“Azaroaren 5ean erresistentziarako eskubidea izanen da epaitua”

Hegazti gripearen krisiaren erdian, 2017ko udaberrian laborariek eta herritar andanak Euskal Herriko hiru etxaldetan ahateen hilketa eragoztea lortu zuten. Gertaera horien harira, heldu den azaroaren 5ean Paueko auzitegira deituak izan dira ELB sindikatua eta Barkoxeko Uhartia etxaldea.

Kazeta|02/11/2018 07:20|0 commment
Gar_cannetons_chargement_depart_bidaxune_imiquelestorena12
Azaroaren 5ean Paueko auzitegira deituak izan dira ELB sindikatua eta Barkoxeko Uhartia etxaldea. © Isabelle MIQUELESTORENA

Iazko udaberrian, hegazti gripearen krisiaren erdian, Hollanden gobernuak ahateen hilketa prebentiboa agindu zuen Estatu frantseseko hego-mendebalde osoan. ELB sindikatuak Euskal Herriko hiru etxalderen kasua bere gain hartu zuen, ahateei egindako kontra-analisietan ez baitzen eritasunaren aztarnarik atzeman. Emaitza hauek osasun administrazioak ahateak sakrifikatzeko emandako agindua ezeztatzen zuten.

Ehunka laborari, ekintzaile, hautetsi eta oro har herritar Barkoxe, Gabadi eta Domintxaineko etxaldeen aitzinean kokatu ziren, DDPP -en (biztanleria babesteko departamentuko zuzendaritza) agenteak ez sartzeko bideak blokeatuz. Barkoxeko etxaldean izandako oztopatze hori da heldu den azaroaren 5ean auzibidean ezarriko dena, ministerio publikoaren akusazioen ondotik. Bitartean, Gabadi eta Domintxaineko gertaerek artxibaturik segitzen dute. Oroitu behar da azken bi kasu hauetan poliziak bortizki oldartu zitzaizkiela bildutakoei, negar egiteko gasak ere botaz. Dena dela, ez zuten etxaldera sartzerik lortu eta bertatik alde egin zuten helburua lortu gabe.

Larrea abokatuak Uhartia etxaldeko Cathy Chabalgoyty defendatuko du. Mendiboure abokatuak berriz, ELB eta Panpi Sainte-Marie. Mendibouren ustez, jendarte zibilaren kontrako mendekuzko auzi bat da: “nola ez, absoluzioa galdegingo dugu, erresistentzia zibilari esker ez baitzen aplikatu neurri zentzugabe hori”. Bestetik, ELB-ren ordezkari den Panpi Sainte-Marieren arabera, ohore bat da kausa justu hau defendatzea. “Mobilizaziorako dei berri bat egiten dugu. Erresistentziarako eskubidea izanen baita epaitua”.

Defentsaren hiru lekukoen artean da Michel Etchebest Mauleko auzapez eta Euskal Elkargoko Ekonomia eta Laborantza presidenteordea. Etchebest bera etxaldeak babesten izan zen eta hautu hori garesti ordainarazi zion prefeturak, diru- laguntza batzuk eten baitzizkion. Beste bi lekukoak Estatu frantseseko Laborarien Konfederazioko bozeramaile den Laurent Pinatel eta Perico Legasse gastronomia kritiko eta kazetaria izanen dira.