Gotzon ARANBURU

“Ametsetan etorri zitzaidan melodia bat erabili dut disko berrian”

“Ospakizun gauean” deituriko diskoa argitaratu du Benito Lertxundik. Bere ibilbideko hamaseigarren diskoaren aitzakiarekin, musikariarekin hitz egin du Gara egunkariak. Artistak bere azken ekoizpena aurkeztuko du urriaren 27an Donibane Garazin, ikastolak antolaturik. 

Udazken hasierako arratsalde eguzkitsu horietako bat da. Kafea hartu dugu, hasteko, Benitok, Olatz emazteak eta hirurok. Elkarrizketa grabatzeko patio egoki askoa du The Pass kafetegiak, eta hantxe instalatu gara, toldopean.

Duela 55 urte kantatu zuen Benitok aurreneko aldiz jendaurrean, herriko Salsamendi hotelean, Santa Zezilia egunean, gitarraz lagunduta. Duela 47 argitaratu zuen lehendabiziko diskoa, eta oraintxe eman du argitara hamaseigarrena, “Ospakizun gauean”. Tartean, ehunka emanaldi, bai Ez Dok Amairu mugimenduarekin bai bakarka.

«Disko bat grabatzen dudanean, ondorengo asteetan mozkortuta bezala egoten naiz. Hainbeste aldiz entzuten dituzu abestiak, era batera eta bestera… Grabazio prozesuan distantzia bat bezala sortzen zait abestiekiko. Etxeko bakardadean emozio jakin batzuk eragiten dizkidate, baina estudioan, buruan kaskoak jarrita, makinaz inguraturik, ez ditut hain ondo sentitzen. Hogei egun pasatzen badituzu estudioan, momentu batzuetan zeure sentitzen dituzu eta beste batzuetan ez. Hain da handia grabazio prozesuan daukazun inplikazioa, ondoren berriro lurrera jaitsi beharra daukazu eta denbora bat pasa denean bai, orduan beste inpresio bat jasotzen duzu abestiak entzutean. Baina orain, orain zornatuta nago» diosku.

Azken urteotan konposatzen joan den kantek osatzen dute gehienbat disko berria. Pessoa poeta kuttuna du oriotarrak, eta bada haren arrastorik diskoan, baita Jorge Bucay argentinarrarenik ere. Merezi du kontatzea, bitxia baita, Bucay-ren poematik sortutako abestiaren historia. Gau batean melodia bat iritsi zitzaion Benitori, ametsetan. Esnatzean, buruan zeukan oraindik. Zer letra jarri? Urte eta erdi lehenago, Lertxundiren postontzira “Cuentos para pensar” liburua iritsia zen. Oriotarrak ez zuen ordura arte argentinarra ezagutzen, baina hark hau bai nonbait, eta liburua bidaltzea erabaki zuen. Ipuinen artean poema labur bat zegoen, eta segituan hartu zion kantu usaina Benitok. Euskarara itzuli zuen eta tiraderan gorde, harik eta melodia ametsetan ailegatu zitzaion arte. Melodia eta poema uztartu eta hara hor abestia.

Ez da urrutitik iritsitako kantu bakarra. Bada bat diskoan Jon Maia bertsolariak Ternuan entzundako abesti herrikoi batean oinarritua, country girokoa. Diskoan sartu ez sartu zalantzan egon da Lertxundi, baina azkenean, Errenteriako gaztetxo koru bat ere medio dela, aurkitu du tokia “Ospakizun gauean”-en. Sei kanta osoki Benitok egindakoak dira, hizki eta doinu. Bere betiko gaiak, hausnarketak eta kezkak topatuko ditugu horietan, dela “Munduak ez du bakerik”, “Lehen hazia” edo diskoari izena ematen dion “Ospakizun gauean” abestietan, «garen horri, bizitzari, munduari… begira egindako kantuak», abeslariaren hitzetan.

Asko orrazten ditu kantuak Benito Lertxundik, diskoan sartu aurretik. Jendaurrean probatzen ditu, ea entzuleek zer jarrera erakusten duten kantu oraindik ezezagun horiekiko, eta ea bere barnera ere zer moduz iristen diren. Oso gutxitan da kantuaren lehendabiziko bertsioa betirako geratuko dena. Zuzenean abestu ondoren, etxean, berriro moldatu ohi ditu Benitok, eta disko honetan ere horrela izan da, bi kantu goitik behera birmoldatu baititu zuzenekoaren proba pasatu ondoren.

Beti izan dio Benitok errespetu handia entzuleari, bere emanaldirako sarrera ordaintzen duen gizon-emakume horri. Eta garai batean urduritasun latza sortu ere egiten zion agertokiak. Urduritasuna kontrolatu egin daiteke, ordea, eta gaur egun mendean hartzen du artistak; ikasi du gailentzen ez uzten. Baina erantzukizunak, horrek berberean dirau. Badaki aurrean eserita daukan entzule hori takilatik pasa dela, etxeko epela utzi duela kontzertura etortzeko eta diru bat ordaindu duela txartelaren truke. Horri dena eman beharra sentitzen du, ezer ez gordetzea hurrengo kantaldirako; berdin dio herri txiki batean ari bada edo hiriburuko antzoki handienean. Are gehiago, emanaldi bakoitza gertatzen zaio ikasteko aukera, hobetzeko aukera. Bere hitzetan, «kantaldi guztiak dira entseguak, baina entsegu serioak».

Bere ibilbide luzean aurreneko aldiz, autoekoiztu egin du diskoa Benito Lertxundik. Bi arrazoi nagusi izan ditu pauso hori emateko: «Batetik, lanbide honen beste aldea ere ezagutu nahi izan dut. Alegia, artistak abestiak egiten ditu, baina ondoren datorren obra horren ekoizpena, zabalkundea, esplotazioa hitz batean… hori guztia ez du kontrolatzen, hori enpresa batek egiten du eta artistak inoiz ez du ehuneko ehunean ezagutzen hor zer gertatzen den. Bada atal horretan ere sartu egin nahi izan dugu. Gratxina alabak egindako ikasketek ere pixka bat promozioaren mundu honetara bideratu dute, eta hala, animatu egin gara bide berri honi ekitera». Egile eskubideekin badu kezka Benitok. Onartzen du artistek, orokorrean, ardura gutxi erakutsi dutela gai honekin, eta bere kasuan erabatekoa izan dela egile eskubideekiko arduragabekeria hori: «Oso utzia izan naiz, eta oraingo begiekin begiratuta ez zait batere gustatzen jokaera hori, oso itsusia egiten zait».

Jakina da Benito Lertxundik barne bizitza intentsoa duela. Bizitzaren alderdi espiritualari beti eman dio garrantzi handia, eta nerabe garaian oso elizkoia izan zen, baina halako batean, eta justu elizan zegoela, ospakizun batean, goizeko hiruretan, “errebelazio” moduko bat izan zuen, ordura arte jasotako eta praktikatutako sinesmenak, errituak, kultuak… denak hankaz gora jarrarazi zizkiona. Ordura arte itsu-itsuan jarraitzen zuen bidean alto egin eta begietako lausoa kendu zuen, begirada askatu eta desikasteari ekin zion, «normalean uste izaten dugunaren kontra, askotan desikastea ikastea baino onuragarriagoa baita. Izpirituaz ari garenean, ez digu balio lanbideei edo ikasketei buruz daukagun jokaerak, hau da, metodoak, errepikatzeak, beste bati hartutakoak geure egiten saiatzeak, horrela hartuz ofizio baten ezagutza. Psikologia kontuetan teknika horiek berberak aplikatzen dituzunean, justu kontrako efektua lortzen duzu; izpiritua akabatu egiten duzu, ez elikatu, inondik inora ere ez, akabatu baizik! Nor bere buruaren jabe egin behar da. Adimena askea da edo ez da adimena. Gogo aske bat bakarrik izan daiteke erlijioso, bestelakoan fundamentalismoaren bidean zoaz. Ni orain naiz erlijioso, mutikotan elizkoia nintzen». Fede krisia izan ondoren Jiddu Krishnamurti maisuaren berri izan zuen, eta haren filosofiarekin bat egin zuen. Hala burutu zen Benitoren barne iraultza.

Astrologiak, kosmosak, gizakiaren eta naturaren arteko harremanak, Benitoren arreta piztu dute betidanik. Oso barneratuta dauka lurtarrok bete-betean jasotzen dugula planeten eragina, «ikusi bestela ilargiaren faseek naturari nola eragiten dioten, urak igotzen eta jaisten esate baterako. Zu eta nik ez gara Saturnotik aparte, ezta aldameneko landare horretatik aparte ere, horien parte gara», diosku. Gauza bat da eragina egon badagoela konturatzea, eta beste bat eragin hori interpretatzen jakitea, eta horretan astrologo onak eta astrologo txarrak desberdintzen ditu Benitok, «mediku onak eta mediku txarrak badauden bezalaxe».

Politika ezin bazterrean utzi, Benito Lertxundirekin solasean arituz gero. Eta esan beharra dago elkarrizketan zehar bestelako gaiak ukitu ditugunean lasai eta are irribarretsu ere azaldu bazaigu, Euskal Herriko egoera politikoaz galdetzean berehala antzeman dugula kezkatuta eta haserre dagoela. «Oso gaizki ikusten dut egoera», izan da bat-bateko erantzuna. Izango dela gauzak ondo doazela esango duenik, baina horren azalpena oso sinplea dela: Euskal Herriarekiko pertzepzio desberdina. «Herria menperatua ikusten ez dutenek egoera ona dela esango dizute. Baina nik menperatua ikusten dut, eta esango dizut zapalkuntza horri erantzun egokirik ematen zaionik ez dudala ikusten. Ni menperatua baldin banaiz, eta menperatzailea legitimatzen badut nire jardunarekin, bada esan nahi du aberia daukadala», diosku, eskuarekin kopeta ukitzen duen bitartean keinu esanguratsu batean. Kolonizatzaileari «zilegi zaizu nire jabe izatea, ni zure gatibu izatea», hori ez dio sekula esango Benitok. Gero, indar harremanaren kontua dago. «Indar nahikoa ez badaukat, kolonizatu egingo nau, bai, baina ez nire gogoz, nik beti adieraziko diot zapalduta naukala, ez diot behin ere esango ‘anaiak gara, anaikortasunean bizi gaitezen’. Bada horixe ikusten dut, inperioak ‘anaikortasuna’ eskaintzen digula, bere legeak onartzea, eta onartu egiten dizkiola herri honek. Gero bai, Aberri Egunean esango dute askatasuna, independentzia eta abar behar ditugula…».

Zer egin, orduan, egoera honen aurrean? Nola erantzun, zer tresnekin? «Ni neu naiz, Benito, herritar bat besterik ez, baina egoera hauek erantzun eta kontzientzia kolektiboa eskatzen dute. Adibide bat jarrita: arrotzak zure etxea hartzen badu, eta indarrez hartu, zuk ez diozu minutu batez ere utziko nola bota pentsatzeari. Baina egoera partikularretik (norberaren etxea), egoera kolektibora pasatzen garenean (Euskal Herria), bada inperioaren ideologiaren eraginak desaktibatu egin gaitu. Gaur egun, jendeak pentsatzen du politika profesionalen kontua dela, politikoena. Eta ez da. Menperatuaren kontzientzia norberak izan behar luke, hain da eta begi-bistakoa. Gero, estrategiak, taktikak, pausoak… hori dena izan daiteke klase politikoaren zeregina, baina aurreneko baldintza horrek kale egiten badu, kontzientzia hori ez badugu, kaskoa jan dizutelako, bada ezin duzu ezer planteatu. Inperialismoak ‘errekuperatu’ egin nahi zaitu, bere kulturan, bere pentsaeran, bere dinamikan sartu. Eta hala ikusten dut nik herri hau, ‘errekuperatua’… Norbaitek igual esango du tronpatua nagoela; bada, zertan nagoen oker esplikatu beharko dit. Berriro diot, etena behar dugu, emantzipazio politikoa, norberaren banakoa eta baitakoa».