Ziburuko bigarren etxebizitzei %40ko zerga ezarriko zaie

Ziburuko herri kontseiluak joan den irailaren 27an erabaki zuen 2019an bigarren etxebizitzen jabeei %40ko zerga ezartzea. Guy Poulou auzapezak historikoki neurri hauek errefusatu izan baditu ere, bere burua alde bozkatzera beharturik ikusi zuen.

Kazeta|10/10/2018 07:45|0 commment
Poulou
Guy Poulou Ziburuko auzapeza iruditan. DR

Ziburun bigarren etxebizitza bat dutenek 2019an %40a ordaindu beharko dute. Hala erabaki zuen irailaren 27ko herri kontseiluak. Neurriak 388.000 euroko irabaziak ekarriko lituzke, 2018ko 192.442 euroen aldean. Zehazki, etxe bat dutenek 190 euro ordaindu beharko dituzte eta apartamenduetako jabeek, 81.

Guy Poulou auzapezak ere neurriaren aldeko botoa eman zuen, nahiz eta jakina den beti honen kontra izan dela. “Politikan, norbere ideia politikoak sakelan utzi behar izaten dira”, aitortu zuen Poulouk, duela hiru urte “harrabotsa egiteko operazio bat” zela suharki erran bazuen ere.

Gobernu frantsesaren laguntzen murrizketa eta bizitegien eraikuntza garestitu izana dira auzapezak bere jarrera aldatzeko arrazoiak. “Errekurtsoen beharraz ohartzen gara”, onartu behar izan zuen. 

Bide onean, baina ez aski

Oposizioko hautetsiek erabakia norabide onean doala uste dute, aski ez bada ere. “Berant hobe inoiz ez baino”, adierazi du Henri Duhaldebordek.

Ziburu Biziko Eneko Aldanarentzat, zergak %60koa izan behar luke. 1999tik eraikitako etxeen %85a bigarren etxebizitzak lirateke eta 2015ean, bigarren etxebizitzak Ziburuko etxeen %42,6a ziren. Auzapezak agertzen duen jarreraren aitzinean, Aldanak uste du neurri hauek ez daudela jabetza pribatuarekin kontraesanean. Are, etxe-merkatuari erantzuna emateko tresna izaten ahal direnean.

Oihana Sanchez oposizioko hautetsia ere kexu zen zerga apala delako: “Jabeek haien apartamenduak urte osoan alokatzen dituzte. Zerga alokairuaren preziora ere ez da iristen”.

Hendaia eta Donibane Lohizunen ere %40koa da zerga. Ziburun 2018an %20koa izan da eta lehenago nehoiz ez da neurririk hartu izan.