Gobernu frantsesak bi hartz askatu ditu Pirinioetan: Claverina eta Sorita. Gaia eta artzainek burututako protestak hurbiletik segitu dituen Panpi Saint-Marie ELB sindikatuko bozeramaileak egoeraren larritasuna azpimarratu du. Etorkizunean hartzen askatzeak izanen dituen eraginak deitoratu ditu.

“Historikoki hartzek eta artzainek ezin izan dute elkarrekin bizi”
Iurre BIDEGAIN|08/10/2018 08:00|0 commment
Ber_panpi_st_marie_bobedme102
Panpi Saint-Marie ELBko bozeramailea. ©Bob EDME

Nire ustez ondoko etapa konfrontazioa izanen da

Estatu frantsesak erabakia goxoan hartu du eta besteei inposatu die kontuan hartu gabe hartzak ez dituela mugak ezagutzen

Gobernu frantsesak zergatik askatu ditu hartzak orain Pirinioetan?

Gobernu frantsesak epe mugatu bat zuen hartzak askatzeko. Urriko lehen hamabost egunak baino lehenago egin behar zuen. Hartzak negurako bere gordelekua atzeman eta prestatu behar du. Araudi batzuk errespetatu behar dira, neguan ezin baita egin.

Hartzen ernalketa kontuan hartu behar da. Bi kume egiten ditu hartz bakoitzak. Orain bi askatuz udaberrian sei izanen dira. Hartz kopurua fite biderkatzen da.

Hartzen askatzeak zein eragin izaten ahal du?

ELBk argi utzi nahi du ez dela hartzaren kontra. Hartza animale ederra da. Baina, hartza ez da lanjerean. Esloveniako arraza mota horretako hartz ainitz daude.

Hartza Eslovenian goxoki bizi da. Ez da normala handik ezagutzen ez duen eremu batetara ekartzea. Hemen etsai ainitz izanen ditu hartzak, artzainak barne. Artzainak badira eta Eslovenian ez. Hartzak jan behar du eta mendiko animaliak hilen ditu: ardiak, baita behiak ere. Zaldiak ere hiltzen ahal ditu bizkarrezurra hautsiz, aski indarra du horretarako. Historikoki hartzek eta artzainek ezin izan dute elkarrekin bizi.

Administrazio zerbitzuek erraten digute hildako ardiak ekonomikoki konpentsatuak izanen direla. Hori ere ez da beti egia. Hartzak ardia hil duela arrunt frogatu behar da diru hori eskuratzeko, bestela ez da ordaindua.

Artzainak ez ditu hazten bere ardiak Estatutik konpentsazio bat lortzeko. Biziki zaila da ardiak hilik atzematea. Gainera, administrazioak ez du neurtzen ardiarengan sortzen ahal duen estresa. Hartzaren presentziarekin ardiek estresa dute, baita artzainak ere. Beldurrarekin bizi dira.

Egun bezalako denbora eder batekin, urrunetik ikus dezakezu hartza eta zure burua zaintzen ahal duzu. Baina, aro txarrarekin, hartzak laino artean nahi duena egin dezake. Kriston makurrak egiten ahal ditu.

Hartza mantentzen bada, ez bada hiltzen, artzain kopurua tipituko da. Beraz, mendia bilakatuko da, batzuek nahi duten bezala. Basatzearen aldeko teoria existitzen da. Batzuk erraten dute hartza artzaina baino lehenago hor zela, beraz bere tokia utzi behar diogula. Guk pentsatzen dugu artzainak bioaniztasunari gehiago ekartzen diola. Gure mendiak zergatik dira hain ederrak? Artzaina hor dagoelako.

Ikusten da fite, artzainak ez badira mendiak zikintzen dira oihana garatzen delako. Guk pentsatzen dugu mendialdean bizi ekonomikoa dagoela, eta gure apustua hori da.

Eslovenian bizi daitezela hartzak, goxoki.

Ossau eta Aspe aldeko herritarrek mobilizazioak egin dituzte beren oposizioa adierazteko. Nolakoa da hurbiletik bizi izan duzun giroa?

Giroa gogorra da. Ainitzetan entzun dut Estatua haietaz futitzen dela. Jende guti bizi dela mendi aldean eta beren gainetik pasatzen dela. Pentsatzen dute ere interes politikoak daudela gibelean. Estatuak garantia batzuk eman behar dizkie berdeei.

Desesperazioa sentitzen da. Nire ustez ondoko etapa konfrontazioa izanen da. Lehenik hartzaren aldekoen eta kontrakoen artean eta gero, gertatzen ahal da artzain batek hartza tirokatzea. Ondorioak, zein izanen dira? Artzaina preso joaten utziko dugu? Lagunduko dugu?

Ipar Euskal Herrian ere hartzaren askatzeak eragina izanen du?

Xiberotik ere mugitzen ahal da hartza. Xiberoa erraten dut, baina nafartarrak ere ez dira batere kontent. Estatu frantsesak erabakia goxoan hartu du eta besteei inposatu die kontuan hartu gabe hartzak ez dituela mugak ezagutzen. Hartza Xiberotik pasako da Nafarroara eta han ez zekiten deus herritarrek. Gutienez, Nafarroako Gobernua edo Arabako instituzioak kontutan hartu behar zituen. Ez du deus egin, bakarrik erabaki du.

Gaur egungo egoera ikusita, zein da ELB sindikatuak proposatzen duen aterabidea?

Hartz bat baizik ez balitz, ez zen arazorik izanen. Baina, biderkatuko dira. Heldu den urtean 5-6 izanen dira.

Ariège eskualdeko adibidea kontuan hartu behar dugu. Bizpahirurekin hasi ziren eta gaur egun 40 bat badira. Han bezala gertatzen bada hemen, zernahi gertatuko da. Ez da onargarria bake publikoarentzat. Jendearen artean liskarrak izanen dira eta animale gaizto horrekin bera ere arriskuan izanen da. Penagarria da. Hemen ez zen hartzen beharrik, horiek gabe jadanik aski lan bada mendian bizitzeko. Zinez, ulertzen dut batzuen haserrea.