Maite UBIRIA

Baiona alternatiben hiria bilakatuta

Paristik abiatutako Alternatiba Itzulia Baionan bukatuko da asteburu honetan. Klima aldaketaren kontrako borrokak batuko dira Lapurdiko hiriburuan. Klima larrialdiari erantzuteko deiadarra gero eta zabalagoa da.


Alternatiba Itzuliari buruzko agerraldia Baionan. ©Bizi
Alternatiba Itzuliari buruzko agerraldia Baionan. ©Bizi

Iragan ekainean abiatu zen Paristik Euskal Herrian asteburu honetan bururatuko den ekimena. Alternatiba Itzuliak abantzu 6.000 kilometro zeharkatu eta 200 etapa bete ditu klima aldaketaren aitzinean engaiamendua hartzeko prest diren herritarren tropela gero eta handiagoa dela erakutsiz, Naiz atariak azaldu duenez.

50.000 lagun inguru mobilizatu dira, bakoitza bere eskualdean, planeta arriskuan jartzen duten egitasmoak salatuz eta eredu aldaketaren aldeko proposamenak plazaratuz. Bilana zinez baikorra da. Bost estatuetan gaindi ibili den txirrinda biraren baitan 120 ekintzatik goiti burutu dituzte eta 2.000 herritar inguruk formazioak jaso ditu "gizarte justu eta jasangarria" helburu duten ekimenetan aurrerantzean ere parte hartu ahal izateko. 

2013an Baionatik abiatu zen lehenengo bira. Aurten, ordea, biraren helmuga izanen da Lapurdiko hiriburua larunbat honetan. Hala ere, badira egun batzuk tropela gure artean dagoela. Tourra asteazkenean sartu baitzen Euskal Herrian, Mauletik. 

Alternatiba eta Bizi Xiberoa elkarteen eskutik hitzaldia antolatu zuten klima aldaketaren aurreko erresistentzia prozesuak aztertzeko. Ostegunean, berriz, laborantza iraunkor eta herrikoi baten alde Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) burutzen duen lana ezagutzeko parada izan zuten txirrindulariek Ainhize-Monjolosen antolaturiko geldialdiari esker. Handik trantsizio ekologikoaren alde jarduten duten elkarteen proposamenak ezagutzeko parada ukan zuten, Ezpeletako tokiko ekoizle eta ofizialeen merkatura bertaratuz.

Beran zein Donostian, harrera  

Alternatibaren berri izanen dute Nafarroa Garaian, Beran harrera egin ziotelako ostiral eguerdian birari bazkari herrikoi baten bueltan. Arratsaldean, berriz, ekitaldia antolatu dute Donostian (18.00etan Katalunia plazatik bizikletaz atera eta ekitaldia eginen dute 19.00etan Gipuzkoa plazan), erraustegiaren eta oro har azpiegitura suntsitzaileen ordez alternatibak aldarrikatzeko.

Alternatiba itzulia Lapurdiko kostan murgilduko da larunbat goizean. Antolatzaileek hitzordua eman dute 10.45ean Ziburu eta Donibane arteko zubian txirrindulari taldearekin biraren azken kilometroak egiteko eta nahi duten herritarrei bertan elkartzeko gonbita egin diete.

Biarritz eta Angelutik gaindi Baionako Paul Bert plazan bere helmugarat helduko da bira, larunbatean, arratsaldeko bostak aldera. 

200 pertsonalitate

Adgar Morin frantziar soziologo eta Alternatibaren aitapontekoa eta Vandana Shiva idazle eta militante ekofeminista indiarrak zuzenduriko agurrak entzungo dira "Alda dezagun sistema ez klima" lelopean iraganen den hasierako mitinean, larunbat arratsaldean. 

Izan ere, orotara 200 bat pertsonalitatek bat egin dute Alternatibak emandako hitzorduarekin. 

Horiekin batera, tokiko elkarteek lan frango eginen dute lehenengo Alternatiba herrixka hartatik honat Euskal Herrian jorratutako bidea erakusteko. Energia laborantza, aurrezki solidarioa, elikadura edo hondakinen alorrean bidean jarri diren hainbat egitasmo gertutik ezagutzeko parada izanen da. 

Hasi aitzin ekimenaren zifrak zinez potoloak dira: 50 bat hitzaldi eta mahai-inguru, 300 bat erakusmahai eta eraskusketa, eta hamarnaka tailer, formazio saio eta kultur emanaldi proposatuko dituzte. Planeta eta gizartearen alde jarduteko ordua dela zabalduko duen ekimenaren zaintza hartuz mila bat lagunek lan bolondresa eginen dute ametsez beteriko asteburuan.

Alternatiba Itzuliaren egitarau osoa hemen ikusgai.