Mintzalasaik 8.650 pertsona mobilizatu ditu

Baiona-Angelu-Biarritz hirigunean euskaraz bizitzearen alde antolatzen den Mintzalasai ekimena joan den irailaren 30ean bukatu zen. Hilabete osoko 75 emanaldietan 8.650 lagunek parte hartu dute eta antolatzaileek bilan biziki baikorra egin dute.

Kazeta|05/10/2018 07:55|0 commment
5d330159
Besta giroan bururatu zen Mintzalasai ekimena, irailaren 30ean.

Hirurogei eta hamabost hitzordu, tokiko 45 eragileren parte hartzea eta 8.650 pertsonen mobilizazioa. Hau da Mintzalasai euskaraz bizitzearen aldeko ekimenaren 7. edizioak eman dituen datuak. Iraila osoan BAB hirigunean gauzatu den egitarauak hilabeteko azken egunean izan zuen bukaera. Biarritzeko Marion aintziraren inguruetan ospatu zen besta herrikoi honetan ere, ehunka herritar bildu ziren euskararen aldeko aldarrikapenen artean.

Egindako bilanean, antolatzaileek gertakari hau BAB eremuan gero eta finkatuagoa dagoela uste dute. “Ekimenaren arrakastak erakusten du hirietan ere euskaraz bizitzeko gogo bizia izan badela”, adierazi dute igorritako oharrean.

Egitaraua zabaldu eta aberastu dela gaineratu dute. Emanaldietan euskara praktikatzeari garrantzia berezia eman nahi izan zaio eta publiko ezberdinen artean zubiak eraikitzea lortu dela uste dute. Emandako datuen arabera, parte hartzaileen %38a haurrak izan dira eta %62a berriz, helduak.

10.000 lagun biltzeko parioa 2021erako

Mintzalasai heldu den urteari begira jarri da jadaneko. Iragarri dutenez, seguruenik beste data batera aldatuko da hitzordua, oraingoz xehetasun gehiagorik eman gabe. 2018ko azaroaren 16an eginen duten ezohiko biltzar nagusian aurkeztuko da 2019ko proposamena.

BAB eremu estrategiko eta garrantzitsua dela gogorarazita, ekimenaren kideen iritziz 2021 bitarteko hiru urteko ziklo bat idekitzen da. Funtsean, euskara hiri eremuan txertatzea da helburu nagusia eta horretarako, euskara biziarazteko lanean ari diren eragile, laguntzaile eta inplikatu diren beste sektoreen arteko lan partekatua baitezpadakoa izanen da. Parioa egin dute hiru urteren buruan 10.000 lagun mobilizatzeko.

365 egun euskaraz

Mintzalasairen xedea da urteko parentesia baino, urte osoan zehar euskarazko eskaintza iraunkorra izatea. Egun, badira horretarako eskaintzak, hala nola, elkarteetan, mediateketan, eskoletan, gaztetxeetan... Nahi duenak, ekimenaren atarian BAB eremuan euskaraz egiten ahal diren aktibitateak atzeman ditzake. 

Euskal hiztunen rolaz ere azpimarra egin nahi izan du Mintzalasaik, ingurua aldatzeko gaitasunaz jabetu eta egun egiten den lana biziarazteko gisan. Ildo horretan, euskaraz bizitzeko lehen urratsa edozein egoeratan, edozein pertsonarekin lehen hitza beti euskaraz egitea dela azpimarratu du.

“Euskararen geroa segurtatu nahi dutenei, euskara dakitenei eta (oraindik) ez dakitenei, bere biziberritzearen alde lan egiten jarraitzeko” deia egin diete, “norbanako eta kolektibo gisa”.