Euskara baztertua Airbnb eta Booking atarietan

Airbnb eta Booking atariek euskara hitz egiten dutela plazaratzeko aukera ukatzen diete ostalariei. Hots, ostalariek hitz egiten dituzten hizkuntzen zerrendan "euskara" ez da agertzen, bai haatik, katalana eta zuluera, besteak beste.

Iurre BIDEGAIN|05/10/2018 07:45|0 commment
Loading player...

Euskara ez da existitzen Airbnb eta Booking atarientzat. Webgunea itzultzeko aukerarik ez emateaz gain, ostalariak mintzatzen diren hizkuntzen zerrendan ere euskara ez da agertzen. Beste hamarnaka hizkuntza hitz egiten dituztela zehazteko aukera dute, baina euskara ezin dute hautatu.

Baxe Nafarroako ostalari batek euskara hitz egiten duela plazaratu nahi izan zuen bere landa etxearen ezaugarrietan. Bere sorpresarako, zerrendan euskara ez zen agertzen, ez Airbnb-en ezta Booking atarian ere [bideoa ikusgai]. Hori dela eta, euskara "diskriminatua" dela uste du: "zergatik hizkuntza batzuk bai eta ez besteak?".

Zergatia bilatzeko xedez, zuzenean bi atariekin harremanetan ezarri da. "Euskara hitz egiten duten bezeroen kopurua ez dela nahikoa" erantzun diote ostalariari. Atariek bezero kopuru hori kalkulatzeko moldeari buruz ez diote azalpenik eman. "Nola kalkulatzen ahal dute euskaraz dakiten bezeroen kopurua ondorio hori ateratzeko?", galdetu du ostalariak.

Bezeroek ez dute ere ezaugarri hori eskuz zehazteko eskubiderik. "Ez dut eskatzen orria bera edo erantzunak euskaraz jartzea, bakarrik guk euskaraz dakigula erakusteko parada izatea", erantsi du.

Euskal turismoaren garapena

Baxe Nafarroako ostalari honen erranetan, Airbnb eta Booking zerbitzuek beren atariak tokiko turismoa garatzeko baliagarriak direla azpimarratzen dute. Haatik, euskararen kontrako erabaki hauek besterik frogatzen dutela uste du.

Bere iritziz, bezero batek euskara hitz egiten duela azaltzean, Euskal Herriarekiko hurbiltasun bat duenaren seinale da. "Euskaraz hitz egiten duen ostalari batek euskal kulturari buruzko informazioa ere eskaintzen ahalko dio bezeroari. Ez da soilik hizkuntza menperatzen duzunaren isla, askoz gehiago da", nabarmendu du.

Erabakiaren zergatia bilatzeko xedez, Kazetako erredakzioa bi atariekin harremanetan ezarri da. Booking atariarekin izandako lehen hartu eman harrigarrian, agenteak honakoa galdetu du: "Normalean, Euskal Herrian euskara hitz egiten al duzue?". Erredakzioa Airbnb zein Bookingen erantzunen zain dago, oraingoz.