Joseba AURKENERENA

Auxtin Zamora Amotzeko Larraldean ohoraturik

IRITZIA- Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herri osoan biziki ezagutua da Auxtin Zamora olerkari senpertarra. Euskaltzale handia, euskal olerkigintzaren bultzatzaile sutsu eta nekagabea, sentimenduaren aldarrikatzailea… 2018ko apiriletik Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatua, agorrilaren 25an Amotzeko Larraldean omendua izan zen. Omenaldi horren karira aritu da Joseba Aurkenerena artikulu honetan.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

2018ko apirilean, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko bilkuran, hamasei ohorezko euskaltzain berri izendatu zituzten: Jose Antonio Aduriz, Martxel Andrinua, Txaro Arteaga, Maria Jose Azurmendi, Miren Jone Azurza, Henri Duhau, Izaskun Gastesi, Abel Muniategi, Manex Pagola, Jose Maria Rementeria, Sabin Salaberri, Txomin Solabarrieta, Julen Urkiza, Arantxa Urretabizkaia, Pello Zabala eta Auxtin Zamora. Orain arte hogeita hamahiru ziren ohorezko euskaltzain izendatutakoak eta hamasei berri hauekin, orain, osora berrogeita bederatzi dira.

    Ohorezko euskaltzain berrien artean Auxtin Zamora senpertarra zegoen, Lapurdin eta Euskal Herri osoan ezaguna den olerkari fin eta sentibera. Gazte-gaztetik euskal literaturari eta kulturari atxikia. Maiatz literatura aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen eta bertan plazaratu du hainbat olerki, baita berak duela hogei urte sortutako Hatsaren Poesia olerki urtekarian ere. Lapurdi 1609 elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta horiekin ere hainbat idazlan etnografiko plazaratu du.

    Bere ibilaldi luzearen fruitu izan dira kaleratu dituen liburuak. Olerkigintza arlokoak: Ezin errana, Hatsaren bustia, Haizea hostoetan, Trapuetan haizea eta Zernahi izan ere. Etnografia arlokoak: Sara etxez etxe, Senpertar ingumak eta Senpere etxez etxe. Liburuez gain, bideo poetikoak ere egin ditu: Lastozko ihesguneak, Barneko burbuilak eta Hatsaren olerki bustiak  izeneko bilduma aberatsa ( 2010etik 2018ra urtero atera dena, osora zortzi bideo eder).

    Estilo apala eta halaber bizia du, sentimendua eta barne-mina agerian dira, ama-lurrarekin eta izadiarekin arras uztartua, euskal erroetatik edaten duena. Sentiberatasun handiko olerkaria dugu.

    Aurten, agorrilaren 25ean, larunbatarekin, Lapurdi 1609 elkartekideek omenalditxo xume bezain aberatsa eskaini zioten. Omenaldi horretara, aipatu elkartekoez gain, Maiatz eta Hatsaren Poesiako hainbat lagun hurbildu ginen. Ekitaldia Senpereko Amotze auzotegian dagoen Larraldea etxalde ezagunean izan zen. Eguerdiko hamabietan hasiera eman genion Larraldeako ezkaratzean denok bilduta.  Lehena hitza hartzen Lapurdi 1609 elkarteko Mixel Mendiburu izan zen. Ohiko ongi etorrizko hitzen ondoren, omenaldiaren zergatien berri eman zuen:

Egun on deneri, jende onak.  Auxtin, lehen-lehenik, zorionak ! Ohorezko euskaltzain egin zaituzte, eta zoriondu nahi zaitugu. Badakigu ez zirela holako ekimen eta ekitaldien zale, ez dela zurekin bat, ez zaila ohore bila ibiltzen ziren horietakoa. Eta aipatu izan bazintugun ekitaldi hau eginen ginuela, hain segur ez zinuen onartuko. Erranen zinuen ez duzula merezi, gehiegi dela, zu baino lehenago bertze batzu bazitezkeela. Zertako galdu denbora, indarrak. Hoinbertze trakazu eta ez dakit oraino zer !

Badakizu Auxtin, hau da gure egiteko manera, jendearen aitzinean adierazi nahi dugu gure poza, harrotasuna agertu nahi dugu harrokeririk gabe, nahiz eta gaurkoagatik zure apaltasunari itzal egin. Holakoak gira, eta ez dakigu bertzela egiten.
Agian onartuko duzu gaurko gure ekitaldi xume hau, eta, zure bitartez, ohoratu nahi ginuke familia: zure lagun Angele, alaba Beronika eta seme Panpi, eta baita ere lagunak eta herritar guziak. Zure aipamenean, denak gira hartzedun, bai zu idazle bezala, baita gu ere irakurleak, lagunak, herritarrak, denak zoriontsu uzten gaituelako. Zure lana eta jendetasunari esker, denak gira baloratuak, eta guzien gainetik euskara eta poesia dira ohoratuak

Zure ibilbidea,gainez gain Auxtin, bertze batzuen idurikoa izan da : « Maitrise »eskolan sartu zintuzten, gero Uztaritzeko seminario ttikian. Nik han ezagutu zintudan. Baxoa Baionako lizeoan pasatu zinuen. Gero lanari lotu : komerzio lanetan ibili zinen, Baionako « foyer des jeunes travailleurs »en diruzain, eta Donibaneko ostatu batean gau-beilari, azken urteak zahar paga altxatu arte.
 
40 urtetan hasi zinen zure baitarik, euskara lantzen, eta ibilbide luzea egin duzu : Senpereko berriketari izan zira irratian hoinbertze urtez, aste guziz, ttanko, 1980etik 2015 arte ; Maiatz aldizkarian  idatzi duzu, Ttipi Ttapa, Herria eta nun ez ; Lapurdi 1609 elkartea sortzen parte hartu duzu, eta beti hor zira ; eta azkenik, baina ez inportantzia gutti duelako, Hatsa elkartea sortu duzu, eta buru belarri hor eman eta ematen ditutzu zure indar guziak. Euskal Herriko poetei ateak ideki dizkiezu eta boza eman, eta ainitz hurbildu dira proiektu hortara. Geroa ere segurtatu duzu, eskoletan eta ikastoletan poeta gazteak sustatuz, heiengana joan zira heieri ere ateak ideki eta hitza emanez. Hola, urte guziz, Hatsa liburuttoa argitaratu duzu, 20 urtez, huts egin gabe. Eta segurtatzeko dena ez dela hor bukatzen, Hatsa elkartea  esku onetan uzten duzu.
Ongi merezitua duzu Auxtin ohorezko euskaltzain izendatua izana.
Denak hemen harro gira, eta zurekin gozatu nahi dugu.                                    

Lapurdi 1609 elkarteak.

    Gero, elkarteko Pierre Bastres lehendakariak eta kide den Elixabet Anduezak, Eric Traonmilin olerkariak egin kantua abestu zuten Berzaitzen Koblakari kantuaren soinuaz. Auxtinentzat izena du. Horratx: Oi Senpereko semea, oinetik bururaino poeta,/ ametsen espazioan aske zabiltza eta,/ arima aztertzaile emankor zaude bai bilakatuta,/ denbora ez kontatuta./
Auxtin zuri, Auxtin zuri, milesker gure hasteagatik,/ Auxtin zuri, Auxtin zuri, lehen olerkiagatik.// Oi izadi maitalea, biziki onddoetan aditu, /
zure ibilaldietan, lorea duzu deitu./ Halaber etxeek ere, hain leun zaituzte bestelakotu:/ hainbat dituzu aipatu!/

     Auxtin zuri, Auxtin zuri, milesker gure hasteagatik,/ Auxtin zuri, Auxtin zuri, lehen olerkiagatik.// Argazkilari trebea, olerki oro iruditzeko,/ ta olerkari guztiei plazera egiteko,/ ai ikustea nekatzen duzu, gu guztien xarmatzeko,/ euskara ohoratzeko./ Auxtin zuri, Auxtin zuri, milesker gure hasteagatik,/ Auxtin zuri, Auxtin zuri, lehen olerkiagatik.// Irakasle asperrezin zaude olerkarientzat baina, / beste eremu askotan ere duzu dohaina./ Horregatik zaizu bai eskerdun, bai liluratu oraina,/ ohorezko euskaltzaina./ Auxtin zuri, Auxtin zuri, milesker gure hasteagatik,/ Auxtin zuri, Auxtin zuri, lehen olerkiagatik.

    Ondoren, Maiatz-eko arduradun nagusi den Luzien Etxezaharreta idazle eta olerkariak Auxtin Zamoraren sentipenak ekarri zituen gogora olerki eder batez. Auxtin izena du: Auxtin, zutaz mintzatzeko/
altxaliliaren hegaletan luma bustia hartu zenuen / hatsaren bustia tinta bezala hartuz / haurren begi mirailari so/ eta hainbeste ezin erranezko hitz hegaldatzeko gisan/ poesiaren bideak hartu zenituen / poesia biziaren lekuko eta sendagarri / 1609 auhenezko urte hori gogoan /  jainkoak oro deitu zenituen Lapurdiko nexkatxa erreen arnasa ez galtzeko/ haien hautsak denen bihotzetan pausarazteko/ Senpereko udazken lanbroen artetik / hatsaren bustia hitzen bustira ereman duzu/ hitzak goxatuz/
zuhaitzen ederra goretsiz/ biziaren iturriak betierera eremanez / zurekin/
zeruko izar buztanak bezala olerkia/ uztarririk gabeko floka bat eginez/
zure inguruan euskal munduko olerkia gidatuz/ euskal gau ilunetan poesiaren distirekin bazterrak argituz/ piztu duzun ortzadarrarekin jendea besoz beso jarriz/ zure lehen liburuko atarian salatu zenituen bide horiek zeniola:/

“Irakurtuko ditutzun olerkiak / zeure eta neure ingurameneko/
hatsekin eginak diren ate batzu dira/ ez du balio joka artzea ate horieri /
barnetik etsiak dira/ eta beren giltzak airez aire / denborak beretuak ditu/
sentitu nahi banauzu /  ate baten gibelean / beharko duzu/ zin eta minetan sartu/ bai eta zure ‘ezin errana’ / neurearenarekin lortu!” // Auxtin, milesker gu guzien bihotz eta gogoak / izar marra distiranta horiekin argitzea gatik / jarrai zure bidetik / izarren bidea arte / milesker eta zorionak!

    Eta gauza bera egin zuen gero, Hatsaren Poesiako lehendakari izendatu berri den Ainara Maia Urroz olerkari irundarrak. Sentimendu handiko olerki honek Auxtini izena du.

Auxtini… / Eta badakit, hitzak soberan daudela/ ekintzak behar ditugunean;/ eta bai, hitzak haizeak eramaten ditu gibelera / eta aitzina joan behar dugula dakidan arren,/ gaur bizi dugun hauxe sentitzen dugu
eta horrek egiten gaitu gizaki / horrek bereizten gaitu animaliengandik:/
gaurkoa eta oraintxe bertan bizi duguna / ez da beste inoiz berriro ere modu berean errepikatuko. // Horregatik ez dut fede handirik ez iraganean ez etorkizunean,/ hori iradoki zenidan behinik behin, Auxtin.//

Alferrik da atzoko maitale koldarrengatik eta gezurtiengatik / malko gazi-mikatzak isurtzea gaur, ez dutela ezertarako balio,/ ez bada olerki triste ederrak idazteko./ Alferrik dira malko horiek, baina zenbat alferreko gauza egiten ditugun egunero,/ zenbat alferreko gauza eder! // Izan ere, poesia unean uneko hats bakoitza biltzen saiatzen da / eta atzoko malkoek biharko lorea ernalduko dute agian,/ baina ezin gara “agian” horren zain egon,/ gaurkoa bizitu gabe, gaur arnastu gabe / eta hats bakoitzeko idatzi gabe.//

“Zerbait” gerta dadin itxaroten dugu / baina gertatzen den gauza bakarra bizitza da, uneoro,/ lehen hatsetik azken hatsaraino./ Olerki aske hau ere idatzi eta esan ondorengo lehen segundoan / ez da deus ere izango, alferrik izanen dira hitzok ere bai,/ baina zenbat alferreko gauzez eginak gauden/ eta osatzen diren uneak/ guk hats hartu eta bota bakoitzeko.

    Horren ondotik, Beñat Axiarik, afrikar itxurako danbor handi baten laguntzaz, De Lancre hiltzaile izeneko kantua abestu zuen han ginen guztion bihotzak xarmaz eta magiaz zipriztinduz. Kantu hau Auxtin Zamoraren Jauna Miserere izeneko olerkian oinarritua da, eta 1979an, Urria taldeak, Iz argitaletxearen bitartez, Bruma altxatzean izeneko diskoaren barruan plazaratu zuen. Aipatu taldean sei lagun zebiltzan: Claude Etxelekon gitarraz, Christine Martineau eta Bruno Roman Ruiz arrabitaz, Pantxoa Axiari perkusioaz, Christian Vienssans saxofoiaz eta flautaz, eta azkenik,  Beñat Axiari, taldearen ahotsa zena. Horra hor aipatu olerkia:


Jauna miserere / De Lancre hiltzale / odol xurgatzale, /  suaz hil hituen Lapurtar nexkatxak /  hire arrazako euskaldun arrebak. // Bortiz eta ongi /  burrego Rostegi / kiskalli hituen, zirela sorginak /  gure arbasoen begi inozentak. //  Ote duk geroztik / izan urrikirik / edo hire besta apoen artean /  ote duk ? // Badakik hemen anartean /  delarik elurra / hotz pausatzen dira / ufatu ditukan erretuen hautsak /  estaliz lumattoz Lapurdiko lurrak. //  Ez duk basajaunik / ez eta debrurik / agertzen nihundik mendien puntetan/  bainan arimen firfirak barrandan.//


 Xiren aztaparrek /  irintzen ditiztek / Kaupin Jauregiko harri pikatuak,/  hire sarraskien azken lekukoak.// Nexkatxen begiak /  dituk erratuak / Donibane eta Senpere artean /  oraino nigarrez harat hunatetan.//  Gauaz bide hortan / bruma altxatzean /  lasterka hasten duk emeki doana, /  sentitzean erre larruen usaina.// Ez dituk ahuldu /  ez dituk ixildu /  ez naski sekulan ixilduko ere / nexken hil orroak. Jauna miserere.


    Bukaera aldera, Auxtin Zamorak, emozioz gainezka zegoela, hitza  hartu zuen eta eskerrak eman zizkigun bertan ginen guztioi. Hunkigarritasunezko momentu handiak izan ziren.
    Omenezko ekitaldia amaitu zen euskaldunok beti horrelakoak bukatzen ditugun modu berean, hau da, mahaiaren inguruan eserita, ongi janez eta edanez. Hor izan ziren solasak eta irriak, adiskidetasunezko hitzak eta une goxo-goxoak. Ohorezko euskaltzain berriak ongi merezi zuen lagun arteko omenalditxo hori, baita gehiago ere, prefosta!
    Auxtin, segi idazten, segi ikertzen, eta batez ere, segi zure adiskidetasun eta gizatasun handia denoi eskaintzen, bihotzez eskertzen baitizugu. Biba zu!