Kazeta

Kaperan a Kapela kontzertu berezia Hendaian

Elise Archambault sopranoak eta Jean-Christian Irigoyen “Galtxetaburu” soinujoleak emanaldia eskainiko dute Hendaiako Abbadia Behatoki Jauregian. Kontzertua urriaren 6an izanen da, arratsaldeko 19.00etan.

Elise Archambault Baionako Luna Negra gelan izan zen iaz. (irudi kaptura)
Elise Archambault Baionako Luna Negra gelan izan zen iaz. (irudi kaptura)

Heldu den urriaren 6an, larunbatarekin, Kaperan a Kapela zikloaren aurtengo bigarren kontzertua iraganen da Hendaiako Abbadia Behatoki Jauregian. Arratsaldeko 19.00etatik goiti, Elise Archambault sopranoak eta Jea-Christian Irigoyen “Galtxetaburu” musikari gamartearrak emanaldia eskainiko dute.

Hendaiako Hiriak, Euskal Kultur Erakundeak eta Hendaiako Turismo bulegoak antolatu dute kontzertua. Bi artistek kantuaren bidez entzuleak usaiaz kanpoko bideetan sarraraziko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Aita Donostiaren musika lanekin batera, Manex Pagolaren hitz eta musika doinuak ere entzungai izanen dira.

Kontzerturako sartzeak tokian berean 10 euro balioko ditu eta 9 euro berriz Hendaiako Turismo bulegoan aitzinetik erosiz gero. Lekua mugatua izanik, sartzeak aitzinetik hartzeko aholkua eman dute antolatzaileek.