Euskararen ikusgarritasuna helburu, EZI beka aurkeztu dute

EZI.eus elkarteak beka baterako epea zabaldu du. Elkarte honek euskararen eta euskal kulturaren alde lan egiten du, bereziki itzulpengintzaren esparruan jardunez. Deialdia Ipar Euskal Herriko enpresei zuzentzen zaie. Urritik azaro amaiera arte izanen da proiektuak aurkezteko aldia.

Kazeta|03/10/2018 13:59|0 commment
Gar_zone_artisanale_moura_negresse_miarritze_imiquelestorena01
Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskararekiko engaiamendua erakutsiko duten enpresei zuzendutako beka da. © Isabelle MIQUELESTORENA

EZI.eus elkartearen helburu nagusietarikoa euskarari ikusgarritasuna ematea da. Xede horrekin aurkeztu da EZI beka. Diru-laguntza pribatua da, elkarte honek aitzineko urtean egin dituen itzulpen lanetatik baztertu duen diru kopuru batez osatua. Beka eskuratzeko hautagaitza txostenak 2018ko urritik azaroa amaiera bitarte aurkeztu ahalko dira eta 2019ko otsailean emanen dute beka eskuratuko duen egitasmoaren berri.



2017an sortu zen. Haltsun kokatua den elkarte honek hizkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu, tartean, idatzizko nahiz ahozko itzulpengintza, bai eta hizkuntza aholkularitza ere. Martxan ezarritako deialdia Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskararekiko engaiamendua erakutsiko duten enpresa txiki eta ertainei zuzentzen zaie. 


Eraginkortasunari garrantzia emanen zaio, euskarak izanen duen ikusgarritasuna lehenetsiz. Besteren artean, kontuan hartuko dira komunikazio euskarrietan euskarak gutienez frantsesak bezainbat leku ukaitea, enpresako arduradun eta langileek euskararen aldeko jarrera baikorra erakustea (lehen hitza euskaraz, euskal musika eta irratiak ezartzea, langileek euskara ikastea...) edota 3 urterako engaiamendua hartzea.



Elkarteak jakinarazi duenez, beka honek ez du soilik itzulpengintza gastua hartuko, euskararen ikusgarritasun egitasmo osoaren ordainketa baizik. Interesa dutenek xehetasunak www.ezi.eus helbidean aurki ditzakete.