Kazeta

Etxe Gaznaren aldeko kanpaina azken hatsean

Beren gaztandegia berritzeko, Xiberoko Etxe Gazna kooperatibako kideek crowdfunding kanpaina abiatu zuten joan den agorrilaren hasieran. Orain arte 15.000 eurotik goiti bildu dituzte. Ekimena irailaren hondarrean amaituko denez, dirua biltzeko azken ahaleginetan ari dira.

Etxe Gazna 1985ean sortu zen zazpi laborariren lanari esker.
Etxe Gazna 1985ean sortu zen zazpi laborariren lanari esker.

Xiberoko Zalgize-Donezteben kokatua den gaztandegia txiki eta batez ere zaharkitua gelditu dela ohartuta, tresneria berritu eta lokalak zabaltzeko xedez, Etxe Gazna kooperatibako bazkideek sos biltze kanpaina abiatu zuten agorril hasieran. Ordutik, jasotako emaitzei esker, 15.000 eurotik goiti bildu dituzte. Kanpaina irailaren hondarrean amaituko da.

Proiektuaren xehetasunak ezagutu eta crowfunding kanpainan parte hartu nahi duen orok www.zeste.coop atarira jo besterik ez du. Bertan aurki daitezke emaitzak egiteko jarraibide guziak. Interneteko plataforma honen bidez oraingoz 11.000 eurotik goiti lortu dituzte eta beste 5.000 euro  berriz, gutunez. Kanpainan helburu maila ezberdinak ezarri zituzten eta 24.000 eurokoa den bigarrenetik hurbil dira.

Kanpainaren antolatzaileek jasotzen dituzten emaitzen truke opari “bereziak” eskaintzen dituzte. Konparazio batera, 10 euroko ekarpena egiten dutenei “bihotzez” eskertuko diete. Ekarpena 25 eurokoa bada, “ardiak, potret eta guzi, igorritako esker oneko postala” jasoko dute emaileek. Hortik goiti, kopuruaren baitan, gaztandegia bisitatu, artalde gibelean joan-jinak egin, etxaldeen bizimodua ezagutu eta 400dik gorako ekarpenen kasuan, artzain batekin egun pasa egiteko aukera izanen da.

80 etxaldetik goiti biltzen dituen kooperatiba

Etxe Gazna 1985ean sortu zen zazpi laborariren bultzadarekin, Gotainen. 1992an Zalgize-Donezteben kokatua den egungo gaztandegia eraikitzeari ekin zioten. Urtez urte kooperatiba bere zerbitzuak handitzen joan da eta egun 80 etxaldetik goiti biltzen ditu. Ordutik eraikinean ez da inbertsorik egin. Espazio ttipia dela eta, zailtasunak ditu hazleen eskaerei erantzuteko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko. Beraz, bere baliabideak hobetzeko premia handia du.

Kanpaina aurkeztu zenean Bettan Hoki laborari eta gaztagileak azaldu zuenez, bereziki gaztagile gazteen eskaera dezente handitu da azkenaldian eta egun ezin dituzte horien beharrak behar bezala ase. Gaztandegian gela bat dute etxaldeetatik zuzenean heldutako gasnak idortzeko eta zahartzeko. Beste gune batean berriz, salmentarako ekoizpenak tratatu eta gordetzen dituzte. Justuki, bigarren zerbitzu hau segurtatzeko berrikuntzak behar dituzte.

Etxeko kontsumorako ekoitzitako gasnak gordetzeko gelan 3.500 kilo atxikitzen dituzte. Bestetik, gasna ontzeko gelan hogei bat etxaldetan ekoitzitako 12 tona. Leku falta agerikoa da. Lokala 80 metro karratutan handituz, 12 tona gehiago gordetzeko lekua irabazi nahi du kooperatibak. Horrekin batera, gasnagileek beren diru sartzeak iraunkor izateko Xiberotik landa merkatu berriak behar dituzte landu.

Lan baldintzak, tresneria eta gazteei laguntza

Lan baldintzak hobetuz kooperatibaren jarduera iraunaraztea da asmo nagusia. Kooperatibako kideen ustez, proiektuak Xiberoko gasna ekoizpenaren emendatzeari lagunduko dio. Argi dute geroari begira baitezpadakoa dela gasna salmenta sustatzeko gune kolektibo sendo bat, aktibitate berriei egokitutako egoitza.

Gisa berean, laborantza herrikoian orain arte erabili ez den hozkailu sistema hezeago baten bidez gasnaren zahartze prozesua luzatu ahalko dute. Finean, gasnaren gustu eta ñabardurak garatzeko ingurumen egokia sortu nahi dute berrikuntza horien bidez.

Kooperatibako lagunek argi dute gasna zahartzeko maila ertaineko instalazio batekin Etxe Gazna lurraldeko egituratze tresna bat izanen dela. Lantegi berria funtzio ezberdinak betetzeko gai izanen baita. Erraterako, hazle gazteentzat mintegia bihurtuko da, etxaldeek gasna egiteko mementoan egun dituzten hutsuneak betetzea ekarriko du eta gisa horretan, gasna egiteko ohitura betikotzen lagunduko du. Modu horretara, gasnaren eraldaketa mendian bertan egiten jarraitu ahalko da. Izan ere, kooperatibako kideen artean badira 10 bat artzain sasoia heltzen denean ardi esnearen eraldaketa mendiko etxoletan egiten dutenak.

Kooperatibak gazteak instalatzen laguntzen ditu eta hala segitu nahi du. Horren lekuko da Hélène Rolland bazkidea. Soldatapeko artzain gisa hasi zen eta geroztik urrats berri bat egin du gasna transformatzeko etxalde batean instalatzeko. Egun prozesu horretan da eta kooperatibak bere desmartxan lagundu du.

Rollanden hitzek laburtzen dute kooperatibak jokatzen duen papera: “Instalatu berri gisa, Etxe Gazna kooperatiba funtsezko tresna da enetzat. Inbertsioekin mugatzera lagundu nau eta kalitatezko zahartze baldintzak eskaintzen dizkit. Etxaldean bakarrik instalatua naizenez, denbora irabazten ahal dut zahartze prozesuaren parte bat kooperatibaren esku utziz. Horrez gain, sozialki garrantzia duen leku bat da non hazleen artean hitz egin eta elkar trukatzen ahal dugun. Hori guzia ukan ez banu, ez nintzateke instalatuko”.