Irati iparraldeko eskualdean Irabia izeneko elkartea sortu dute. “Biltzar” gisa aurkeztua izan da eta eskualdearen biziaren garapena du xede. Irabiak ekimen politiko, kultural, ekonomiko nahiz sozialei buruz gogoeta egin eta eztabaidatzeko herritarrak biltzeko espazioa izan nahi du.
Behorlegi, Mendibe, Lekunberri, Ahatsa, Aintzile, Duzunaritze eta Donazaharreko herritarrak hilean behin gai ezberdinei buruz eztabaidatzeko biltzen hasiak dira. Hilabete honetan bertsu bazkari baten inguruan elkartzeko deliberoa hartu dute. Hitzordua irailaren 23an izanen da Ahatsan eta Amets Arzallus eta Patxi Iriart bertsolariek parte hartuko dute.
Igandeko hitzordua euskararen sustapen eta erabileraren alde Euskal Herri osoan abiatu den Euskaraldiaren baitan antolatua izan da.