Kazeta

Zabor bilketaren zerbitzua berriz martxan

CGTk irailaren 14an greba mugimenduari hasiera eman zionez geroztik, zaborrak metatuz joan dira Ipar Euskal Herriko kostaldean, zein Baionan. Euskal Elkargoarekin akordio bat lortu eta, lanera itzuli dira zabor biltzaile gehienak. Haatik, oraingoz, hogei bat langilek greban segitzen dute.

Zaborrak metatu dira grebaren eraginez. ©Isabelle Miquelestorena
Zaborrak metatu dira grebaren eraginez. ©Isabelle Miquelestorena

LAB eta CFDT sindikatuek Euskal Elkargoak plazaratutako proposamenak onartu dituzte irailaren 18an iragan den batzorde teknikoan. CGTk, ordea, errefusatu ditu elkarrizketa sozialaren eskaintzak. Zabor biltzaile gehienak lanera itzuli dira, beste hogei bat inguruk grebari eusten dioten bitartean.

Sortu denez geroztik, Euskal Elkargoa arduratzen da zerbitzuetako langileen gaineko kudeaketaz. Lan estatusak harmonizatzeko neurriek arrangura sortu dute zabor biltzaileengan. Beren iritziz, lan saria galtzeaz gain, lan ordutegi zein primetan ere eragingo du. Hori dela eta, greba mugimendua abiatzea erabaki zuten irailaren 14an.

Euskal Elkargoak azpimarratu du elkarrizketa sozialean 1.000 langilek parte hartzen dutela eta zabor bilketaz arduratzen diren 83 langile greban zeudela. Erakundearen erranetan, langileek ez dute beren soldata galduko eta langileen %60ari lan saria igoko zaiela dio. Iragarri duenez, zerbitzu ezberdinetako funtzionamenduari buruzko harmonizazioaz lan bat burutuko da heldu diren hilabeteetan.

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak dioenez, lorturiko abantailak mantenduko dira. CFDT eta LAB sindikatuek akordioa izenpetu izanaz pozik agertu da eta CGTren jarrera deitoratu du. "Greba egiteko eskubidea errespetatzen dut, baina arazoaren larritasunak ez du lan geldialdia justifikatzen. Gainera, zabor bilketa osasun publikoko kontua da", gehitu du.

CFDTko Laurent Rouxek akordioaren lorpenak goraipatu ditu. "2019ko urtarrilaren 1etik aitzina lan sariaren igoera lortu dugu langile batzuentzat. Gainera beste abantaila batzuk ere ukanen ditugu: jatetxeko tiketak ordainduak izanen dira eta mutualitate batek bere gain hartuko du, besteak beste", azaldu du sindikalistak. Hala ere, lan ordu kopuruei buruzko eztabaidak segituko duela nabarmendu du.