Maite UBIRIA

Bortizkeria sexistaren biktimak babesteko helburua duen gailua

Bortizkeria sexistaren biktimak babesteko, TGD gailua baliatuko dute Baionan. Urrutiko babesa bermatzen duen hamar bat gailu banatu dituzte Paue eta Baionan.

TGD gailua 24 orduz urrutiko babesa bermatzen duen telefonoa da.
TGD gailua 24 orduz urrutiko babesa bermatzen duen telefonoa da.

Baionako Auzitegiak emazteen aurkako bortizkeriarengatik 200 bat espediente irekiak ditu. Azken urteotan salaketa kopuruak nabarmen gora egin duela baieztatzen dute auzitegiaren jarduera txostenek, arazoari erantzun egokia emateko baliabideak egokitzeko premia agerian uztearekin batera, Garako artikuluak azaldu duenez.

2010ean onartua izan zen legeak bortizkeria sexista pairatzen duten emazteen babesa areagotzeko helburuz hainbat tresna eman zituen plantan. Hartara, babes agindua galdegiteko aukera zabaldu zitzaien biolentzia sexistaren biktimei.

Prozedura azkarraren bidez, familia aferetako jujeak hainbat neurri har ditzake, emaztearen segurtasuna eta adin txikikoen ongizatea bermatzeko xedez. Erasotzaileak babes aginduan zehazturiko baldintzak ez baditu betetzen, bi urte arteko kartzela zigorra edota 13.000 euroko isuna jaso dezake.

Bestalde, aipatu legeak arrisku handiko egoeretan baliatzeko TGD gailuaren erabilera arautu zuen. Hartara, erasoaren larritasuna irizpidetzat hartuta, epaileak smartphone bat eman diezaioke emazteari. Paueko eta Baionako auzitegiek hamar bat gailu jaso dituzte. France Bleu irratiak jakinarazi zuenez, sistema hori erabiltzeko urratsa egin du uda honetan Baionako Auzitegiak. Egun emazte batek erabiltzen du 24 orduz urrutiko babesa bermatzen duen telefonoa. Auzitegiko iturriek azaldu dutenez, TGD sistemak emaztea babesteaz gain, salaketa judiziala aurrera eramateko baldintzak hobetzeko balio dezake.