Sarramagnan apezaren epaia: sei hilabeteko kartzela suspentsioan

Joan den irailaren 11n Baionako Zigor Auzitegiak Jean-François Sarramagnan apeza zigortu zuen sei hilabeteko kartzelara suspentsioan. Hamabost urtetik beherako bere ilobari limurkeriazko atentatua egiteagatik izan zen auzipetua.

Kazeta|13/09/2018 07:05|0 commment
Guz_apeza_sarramagnan_auzia_auzitegia_baiona_imiquelestorena05
Sarramagnan apeza Baionako auzitegira sartzean. © Isabelle MIQUELESTORENA

Sei hilabeteko kartzela suspentsioan. Hau da Jean-François Sarramagnan apezak adingabeko 15 urteko bere ilobari limurkeriazko atentatua egiteagatik Baionako auzitegiak irailaren 11ko arratsean emandako epaia. Sarramagnanek epaimahaiaren deliberoa onartu zuen.

Bere ezkonarreba ohiak salaketa 2015ean ezarri bazuen ere, erasoak 1990ean egiteagatik izan zen zigortua. Urte hartan bere ilobak 11 urte zituen eta Sarramagnek Poloniara lagundu zuen, hotel bereko logela partekatu zuelarik. Apezak arroparen gainetik igurtziak egin zizkion ilobari. Auzitegiak bi arrebekin izandako harremanak ikertu zituen lehenik, nahiz eta inkesta hauek ez zuten segidarik ukan.

Sarramagnanek haurrak artatu ez eta bere iloba 2003tik ikusten ez duenez, Samuel Vuelta Simon prokuradoreak uste du ez dela delituak berriz egiteko arriskurik. Gisa berean, erasoa gertatu zenean apezak egindakoa bere anaiari aitortu izana jaso du prokuradoreak. Eta baita garai hartan apezpikua zen Pierre Molèresekin mintzatu zela ere. Ez batak ez besteak ez dituzte erasoak salatu. “Finean, isilik geratu ez den bakarra Sarramagnan jauna izan da”, adierazi du Laurence Hardouin defentsaren abokatuak.

Apezaren ezkonarreba ohia 2015ean banatu zen bere senarrarengandik (Sarramagnanen anaia) eta orduan deliberatu zuen erasoaz informatu eta salaketa jartzea. Epaileak bere aldetik gogoratu zuen biktimak nehoiz ez duela salaketarik jarri nahi izan, ez eta akzio zibilik abiatu ere.

Hardouin abokatuak Sarramagnan apeza gizon hauskorra dela, hastapenetik erruak higatu zuela eta bere buruaz beste bitan egiten entseatu zela adierazi zuen. Epaiketaren amaieran, auzipeturiko apezak hainbat aldiz adierazi zuen erasoak egin izana sentitzen duela eta are, kartzela zigorraren aukera onartuko zuela. Guztiarekin, prokuradoreak eskaturiko sei hilabeteko kartzela suspentsioan bere egin zuen epaileak.