Goizeder TABERNA

Postuak galdegin dizkiote Hezkuntza Ministroari Pauen

BIDEOA - Seaskak baliabideak falta dituela oroitarazi diote manifestariek frantziar Hezkuntza ministroari, larunbata honetan, Paueko Azokaren idekitzean. (Argazkia: Bob EDME)

Oihuen artean heldu da Jean-Michel Blanquer frantziar Hezkuntza Ministroa. Paueko 70. Azokaren estreinaren gomita nagusia zen eta ez ohiko harrera eskaini diote Seaskako buraso, ikasle eta irakasleek, larunbata honetan, irailaren 8an. Estatuak jadaneko sortu dituen 5,5 postuetaz gain ez duela besterik irekiko erantzun die ministroak, nahiz eta elkarrizketarako prest dela segurtatu dien.

"Ez dugu konfrontazioaren alorrean aritu behar" adierazi du, lasaitasuna berreskuratzeko xedez. Paueko azoka ezaguneko etorbideetan zehar gibeletik izan ditu manifestariak, batzuetan oihuka, bestetan papertxoak agerian. "Kasu ikastola kexu" zioten azken horiek. Lehen gelan sartzen saiatu direnean, poliziak manifestariak bultzaka gelditu ditu. Ehun pertsona baino gehiago ziren orotara.

Bukaerako hitz hartzean, zuzenean mintzatu zaie: "baliabide heina aise ikastolen aldekoa da". Beste hezkuntza ereduetako eskolekin desberdintasunik ez duela nahi erran die. "Horrek ez du adierazi nahi erraten duzuten guzia ukatzen dudanik, urte bukaera baino lehen elgar ikusiko dugu, hitzarmena aipatzeko", hitz eman die ministroak.

Horretaz mintzatu baino lehen, ikasturte hasiera honetako korapiloak askatu nahi dituzte Seaskako ordezkariek. Goiz ondarrean, horietako hiruk ministroaren kabineteko bi aholkulari eta Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaria den Pierre Barrière topatu dituzte, Paueko prefekturan. "Entzun gaituzte, baina irakasle postu aski ditugula diote", azaldu du Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak.

Berrehun ikasleren emendatzeari erantzuteko, 25 postu nahi dituzte ikastolek. Nahiz eta Estatuak 5,5 baizik ez dion eman, irailean 14,5 postu idekitzea erabaki du Seaskak, baina ez ditu denak diruztatu ahal izan. "Horietarik 4 eta erdi ez ditugu finantzatzen ahal eta Estatuaren jestu bat itxoiten dugu", zehaztu du Gorostiagak.

Jean-Jacques Lasserre : "Egoera hori ez da pozgarria"

Azken hilabeteetan sortu den korapiloak tinko segitzen duela dirudi. Ipar Euskal Herriko parlamentariek ministeritzan izan dituzten bilkurek eta aste honetan Seaskako ordezkariek Bordaleko errektorearekin izan dituztenek ez dute askatu.

"Egoera hori ez da pozgarria", adierazi du Jean-Jacques Lasserre Departamenduko Kontseiluko lehendakariak azokan egin duen hitz hartzean eta eragile guziak mahaiaren inguruan jartzera deitu ditu, "etorkizuneko politiken oinarriak zehazteko". Bere alderdiko, Modemeko, ordezkari nagusia eta Paueko auzapeza den François Bayrouk, aldiz, ez du gogo bera. "Ikastoletan Departamenduko beste eskoletan baino ikasle kopuru gutiago bada klaseetan", oroitarazi du, eta erantsi du: "izan gaitezen zentzudunak".

Seaskaren aldeko manifestariek Calandreta eskola okzitandarren aldeko elgarretaratzea estali izana gaitzetsi du, haiek ere entzunak izatea merezi luketeelako. Ez zekien, memento berean, Seaskako kideak Calandreta batean zirela, manifestariekin pote bat hartzen.