Kazeta

Eusko Ikaskuntza: bere mendeurrenean, geroa eraikitzeari begira jarria

Aurten ehun urte bete dira Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundiek Eusko Ikaskuntza sortu zutenetik. Iragana ulertuz, erakunde hau batez ere Euskal Herriaren geroari begirako gogoetan sakontzeko baliatzen ari da mendeurrena. Oñatin (Gipuzkoa) azaroan bururatuko den XVIII. Kongresuaren baitan antolatu dituen bost jardunaldien artean, Baionakoa urriaren 5ean iraganen da.

Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko ekimenak aurkeztu ditu. (@ei_sev)
Eusko Ikaskuntzak mendeurreneko ekimenak aurkeztu ditu. (@ei_sev)

Eusko Ikaskuntza 1918an sortu zen, Euskal Herriko gizarte-erronkei erantzun globalak eta bateratzaileak emateko xedearekin. Lantzen dituen ikerlan eta azterketen bidez, euskal jendartearen orainerako eta etorkizunerako formulazioak eta orientabideak eskaini nahi ditu. Erakunde zientifiko kultural gisa, Euskal Herriaren jakintza aztertu, ikertu eta zabaltzen du, haren aitzinamendua bultzatzeko. Erakunde hau Euskal Herri osoan hedatua eta finkatua da.

Historiari gainbegirada

Eusko Ikaskuntzak bere Lehen Kongresua Oñatin egin zuen, 1918an. Sorrera hura horrela azaldu zuen Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnografoak: “Eusko Ikaskuntza sortarazi beharko zuen batzar nagusi baten ideia Angel Apraizena izan zen, Bilbon eman zuen hitzaldi batean azaldurikoa. Ideia zabaldu egin zen gero eta euskal aldundien laguntza zela bide eta erakunde zein partikular askoren atxikimendu beroari esker (Zuberoa eta Erronkaritik, Karrantza eta Gobiaraneraino), batzar handi hura egin ahal izan genuen”.

Bere lehen urteetan hiru Kongresu handi antolatu zituen erakunde honek, Iruñean (1920), Gernikan (1922) eta Gasteizen (1926). Haietan, arazo ekonomiko-sozialak, lanbiderako orientabideak, hizkuntza edota irakaskuntza gisako gaiak izan zituzten aztergai. Udal arazoak eta euskal arrantzaren egoeraz ere jarduteko bi batzar egin zituen.

Hastapen hartan, Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindia abiarazi zuen, gerora sortuko ziren ikastolen oinarri teorikoak ezarri zituen, euskarazko lehen eskola liburuak eginaraztearekin batera.

Estatu espaniarrean Primo de Riveraren diktadura izan zelarik (1923-1930), zailtasunak izan bazituen ere, 20ko hamarraldiaren amaieran erakunde honek gogo biziagoz ekin zion bere lanari. Aipagarriak dira 1927an antolaturiko lehen Udako Ikastaroak, elebitasuna irakaskuntzan sartzeko egin azterketak, Euskal Unibertsitatea eratzeko batzordearen abiatzea edota 1930ean euskal arte herrikoiari buruz Bergaran antolaturiko V. Kongresua.

Gisa berean, alderdien gaineko izaera zuen Autonomia Batzorde batek, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna den proiektu autonomikoa aurkeztu zuen 1931. urtean.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian bete-betean eragin zuen Estatu espaniarreko Gerra Zibilaren ondotik ezarri zen diktadura frankistak, lau herrialde horietan Eusko Ikaskuntzaren jardueren etena ekarri zuen bortxaz. Alta, horrek ez zuen galarazi bi kongresu egitea (1948an Biarritzen eta 1954an Baionan), munduko bost kontinenteetan barreiaturik zen kultur jendea berriz biltzea lortu zuelarik. Epealdi honetan ere, Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunari bultzada eman zion.

Diktadura frankistaren aro gogor eta luzea amaiturik, 1978an Oñatin bilduriko bazkideen Batzar Nagusiak Eusko Ikaskuntzaren jarduera berriz abiaraztea erabaki zuen, Jose Migel Barandiaran bera izendatuz lehendakari gisa. Barandiaranek honela finkatu zuen erakundearen helburua: “gure Elkartea euskal ikerkuntza eta ikaskuntza gunea izan dadin, hemengo eta mundu osoko euskalarien bilgune edo elkargunea”.

Orduz geroztik, Eusko Ikaskuntzak bere lan zientifiko eta kulturala garatzen jarraitzen du euskal kulturako lurralde guzietan. 2012ko uztailetik landa Iñaki Dorronsoro da erakunde honen lehendakaria.

Liburu Berdea, gogoeta parte hartzailearen abiapuntua

Aurtengo kongresua ezohikoa proposatu dute, hiru urteko gogoeta eta ekarpen prozesu parte hartzaile baten emaitza gisa, hain zuen. Prozesu honen marko ideologikoa Liburu Berde eta Liburu Zuri klabean kokatzen da. Lehena, diagnostiko fase bat izan da (2016-2017 artean burutu dena) eta bigarrena (2018) proposamenen fase gisa kokatu da. 

Hortaz, gogoeta prozesu honen abiapuntua, Liburu Berdea izeneko dokumentuarekin ezarri zen 2016an, bi helburu nagusi betetzeko xedearekin: lehenik, arlo ezberdinetan gurean eta munduan lurraldeari buruz lantzen ari diren kontzeptuen mapa osatzea; eta bigarrenik, euskal lurraldeen kohesioa eta elkarkidetzari dagokionean, egoeraren diagnostikoa egitea, modu parte hartzailean.

Lurraldetasuna, euskal lurraldeen arteko elkar ezagutza eta sinergia sozio-ekonomiko nahiz kultural egokia bideratzeko tresna politikoekin lotua dela nabarmentzen da bertan. Hau da, lurraldetasuna oinarrizko osagaia dela herri ororen biziraupena bermatzeko. Lurraldea ezinbestekoa da, baina batez ere bizitza gauzatzeko espazioa da, gure ekonomia eta ongizatearen eremua, auzokideekin harremanetan jartzen gaituen ingurua.

Ikuspegi horretatik, Liburu Berdeak euskal lurraldearen askotariko dimentsioak zertan diren ezagutzen lagundu nahi du, geroan ere euskal komunitateak garatzen duen jarduera kolektiboa emankorra izan dadin.

Lan hau burutzeko Euskal Herriko lurralde guzietako esparru ezberdinetako pertsonek parte hartu zuten 2016tik 2017ra arteko fase horretan. Orotara, 700 pertsona inplikatu dira eta bertan jasotzen diren emaitzak aditu, aritu eta herritarren elkarlanaren ondoriotzat hartu ditu Eusko Ikaskuntzak.

“Geroa elkar-ekin”, XVIII. Kongresura begira

Gogoeta prozesu hau 2018an segida izaten ari da. Euskal Herri osoko aditu, eragile eta oro har herritarren partaidetza nahiz ekarpena ziurtatzen jarraitzeko asmoz, eztabaidarako gune eta metodologiak jorratu dituzte udaberrian zehar. Beraz, aitzineko bi urteetan egindako diagnostikotik, proposamenen fasera igarotzeko urtea izaten ari da aurtengoa.

Xabier Alkorta, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko antolatzaileak martxoan Gara egunkariak eskainitako elkarrizketan hala azaldu zuen zein den egiten ari den ariketaren helburua: “Burua hurrengo belaunaldi batean jarri eta galdetzen dugu: hemendik 20 urtera non egon nahiko genuke? Hurrengo ariketa da gauden lekutik horra iristeko zer pauso dauden.”

"Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea (etorkizuna irudikatuz)" ardatz nagusiaren barnean, lau proiektu hauei buruzko gogoeta ari da burutzen: Garapen sozioekonomikoa; Euskal lurraldearen gobernantza; Euskararen etorkizuneko eszenarioak elkarrekin eraikitzen; eta Gure jendeak, gizartea eta kultura.

Gai horietan sakontzeko martxoa eta apirilean zehar Herritarren Mahaiak antolatu zituzten, guztira bost. Helburua baitzen, eragile eta adituen hausnarketa, herritarren iritzi eta ahotsarekin borobiltzea. Maiatza eta ekainean zehar, berriz, sei Gizarte Foro egin ziren, lurralde guzietako eragile politiko, ekonomiko eta soziokulturalak bilduz.

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua egiteko prozesua azken txanpara iristen ari da. Azaroaren 23an Oñatin itxiera emanen dion bilkura nagusia aitzin, bost jardunaldi eginen dira Baionan, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren.

Urriaren 5ean Baionan, “etorkizuna irudikatuz, nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea”

Lehen saioa Baionan izanen da, urriaren 5ean. Orduan aurkeztuko dira gogoeta kolektiboaren bidez egindako lanaren emaitzak euskal gizartearen mende erdialdeko egoerari buruz.

Egun osoko egitaraua osatu dute, Baionako bi lekutan iraganen delarik: goizean aurkezpen eta ekitaldi nagusia Antzokian, eta ondotik, bazkaria eta arratsaldeko aktibitateak Elkarteen Etxean.

Goizeko 9:15ean dokumentazioa banatu ondotik, Xiberoko agurra eta soka-dantza izanen dira. Mamian sarturik, XVIII. Kongresuaren aurkezpen oso bat eginen da, prozesu orokorraz batera, gai tematikoen berri emanez, 11:30ak bitartean.

11:30ean, Jean-Pierre Claverannek hitzaldi orokorra eskainiko du. Claveranne Fundations des Entrepreneur de la cité eta Bullukian fundazioetako lehendakaria da. Urte luzez unibertsitatean erakasle izana besteren artean Lyoneko auzitegiarengan justizia aditua eta seguritate sozialaz nazioarteko zenbait erakundetan aholkularia da.

Goizeko saioa amaiturik, Elkarteen Etxean lunch- bazkaria izanen da parte hartzaile guzientzat. 15:00etatik aitzina “Etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea”, jorratu izan diren gaiak eta emaitzak aurkeztuko dira, Javier Castro-Spila eta Koro Muro Arrieten eskutik.

15:45etik landa berriz, zeharkako gaiei buruzko mahai ingurua eginen da, Xabier Alkorta, Iban Lizarralde eta Javier Etxeverría Ezpondaren partaidetzarekin. Jardunaldiari arratsaldeko 17:30ean emanen zaio amaiera.

Urriaren 5eko Baionako jardunaldietan parte hartu ahal izateko aukera irekia da, helbide honetan: http://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/kongresua/izena-eman.

Hitzorduak:

Baiona, urriak 5.
Etorkizuna irudikatuz, nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea.

Gasteiz, urriak 19.
Euskararen etorkizuneko agertokiak elkarrekin eraikitzen.

Iruñea, urriak 26.
Gure jendeak: gizartea eta kultura.

Bilbo, azaroak 9.
Garapen sozio-ekonomikoa.

Donostia, azaroak 16.
Gobernantza demokratikoa.

Oñati, azaroak 23.
Kongresuaren itxiera, ondorioen aurkezpenarekin. Biharamunean, mendeurrenaren ospakizuna.