Kalitatezko garagardoa dastatzeko aukera Uztaritzen

Heldu den irailaren 8an, larunbatarekin, Garagardo Festa ospatuko da Uztaritzen. Ekoizle bat salbu, gainerako seiak Euskal Herritik jinen dira. Kutun elkarteak antolaturik, ekoizleek orotara hogei garagardo eskainiko dituzte dastatzeko.

Kazeta|05/09/2018 15:10|0 commment
Cerveza
Guztira hogei garagardo mota ezberdin eskainiko dituzte azokan.

Laborantza biologikotik eratorritako garagarraz egindakoak, etxekoak, kontserbarik gabeak eta naturalak. Oro har kalitatezko garagardoa izanen da irailaren 8an Uztaritzeko Garagardo Festan. Herriko Bilgunean kokatuko den guneak eguerdiko 12:00etan irekiko ditu ateak eta gauerdiko 00:00etan hetsi.

Guztira hogei garagardo mota ezberdin eskainiko dituzten ekoizleak Urtsumu (Itsasu), Bob´s Beer (Hazparne), Arrobio (Ezpeleta), Akerbeltz (Azkaine), Pagoa (Oiartzun), Saltus (Murgia) eta Saint-Jean (Baulers, Valonia) izanen dira. Azken hau da Euskal Herrikoa ez den bakarra. Garagardo eta alkoholik gabeko edatekoarekin batera, jatekoak emanen dituzte prestaturiko jantokian.

Festak ukanen dituen beste jardueren artean, Uztaritzeko Elkarteen Batasunaren eskutik goizean zehar herriko elkarteen informazio mahaia eta aktibitate erakustaldiak antolatu dira. Horrekin batera, haurrentzat jolasgune bat egokituko dute, zeinean ttipientzat eta gaztetxoentzat puzgarriak eta jokoak izanen diren. Egunaren xehetasun guziak www.garagardo-festa.eus gunean ikusten ahal dira.

Antolatzaileek egun goxo bat pasatzeko gomita egin dute, baina alkohola neurrian kontsumitzeko eta ez pasatzeko ohartarazi diete bertaratuko direnei.