Euskal kultur jarduerak berrabiatuko ditu Uhainak

Iraileko sartzearekin batera, Hiriburun euskal kultura sustatzen duen Uhaina elkarteak bere jarduerak berriz abiatuko ditu. Musika, kantu eta dantza ikastaldiak dira horietako batzuk eta izena irailean zehar ematen ahalko da.

Kazeta|04/09/2018 07:15|0 commment

Euskal kultur eskaintza programatu du Uhaina elkarteak heldu diren hilabeteei begira. Urtero egin ohi dituzten ekintza zehatzez gain, asteroko ikastaldiak dira programaren ardatza.

Hauen barnean dira euskal dantzenak. Irailaren 24tik landa hasten ahalko da ikastaldi hauek jasotzen, hiru taldetan banaturik. 40 lagun inguru biltzen dituzten saio hauek astelehen eta asteartetan eginen dira Cathy Lemburek animaturik, Biltoki gelan.

Gainerako jarduera guziak Uhaina elkarteak Hiriburuko Lapurdi etorbidean duen Elizaldea etxeko lokalean izanen dute bilgune. Konparazione, euskal musika tresnei dagokien txistu eta txirula ikastaldiak, bai heldu bai haurrentzat. Ikastaldi hauek urriaren lehenean abiatuko dira, Ellande Etcheverry diplomatuaren eskutik.  

Euskal kantuen tailer herrikoia ere antolatu dute, Watson musikari eta kantariak gidaturik. 35 lagun inguru biltzen dituen saio hau, hilabeteroko bigarren eta laugarren asteazkenetan burutuko da.

Azkenik, helduek euskara klaseak hartzeko aukera izanen da horretarako prestaturiko gau eskoletan. Urriaren 1ean emanen zaie hasiera, astelehenero izanen direlarik.

Jarduera hauetan izena emateko kultur elkartera jo behar da, irailaren 19ko arratsean eta irailaren 22ko goizetik eguerdira bitarte. Xehetasunentzat 0559442239 telefonora deitzen ahal da.

Lanez betetako urteak hastapen ezin hobea izanen du herriko merkatuan, urriaren 14an, Hiriburun Kantuz kantaldiarekin. Nat eta Watsonek giroturik, Lehuntze, Beskoitze, Milafranga, Baiona edota Hazparneko taldeetako kantarien partaidetza ere espero dute eta kantuan aritu nahi duen orori bertaratzeko gomita egin diote.