Kazeta

Bere historiari jarraikiz, zeramikaren plaza nagusi bihurtuko da Bastida

Heldu den irailaren 15 eta 16an, Baxe Nafarroako Bastida herrian “Euskal Herriko zeramika merkatua” eginen da. Bastidako sortzaileak elkartzen dituen Arkua kolektiboak antolaturik, aurten 46 sortzailek erakutsiko dituzte beren jakintzak eta lanak.

Bastidako aroztegi bat. © Wikipedia
Bastidako aroztegi bat. © Wikipedia

Orain arte “Bastidako eltzegintza merkatua” gisa ezagutzen zenak, aurten “Euskal Herriko zeramika merkatua” izena hartu du. Aldaketa honekin, Arkua kolektiboak urrats bat egin nahi izan du, buztinaren baliatze guziak erakutsiz publikoari: buztinezko ontziak, apaindurak edo zizelkadurak (artelanak), horien artean.

Irailaren 15 eta 16an ospatuko den merkatuan, 46 sortzailek parte hartuko dute eta aipatu aurtengo aldaketa horren lekuko da horietarik heren bat lehen aldiz jinen dela bere lanak erakustera. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoatik ez ezik, Frantziako estatuko hego mendebaldetik, sortzaileetatik laurden bat helduko da. Euskal Herriko gainerako herrialdeetatik, Kataluniatik eta Gaztela eta Leonetik, 6 izanen dira jinen direnak.

Merkatua Bastidako Arku plazan muntatuko dute eta sartzea urririk izanen da, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:00ak bitarte, bai larunbatez bai igandez.

Arkua elkarteak, merkatuaren programazioa aberasten duten beste kultur ekintza eta animazioak ere antolatu ditu. Batetik, “David Corraux-i eskuak libro” erakusketa proposatuko dute. Irailaren 14tik 23ra ikusgai izanen da Bastidako Arkua gelan. Hiru urteko partaidetzari esker, Garaziko Fabrika arte galeriak David Corraux zeramista famatuari eman dio erakusketa hori egiteko aukera.

Bestetik, kolektibo honen ardatz nagusia aurkikuntza denez, sortze eta fabrikazio prozesua erakusteko zenbait animazio proposatuko ditu, hala nola, moldatze, torneatze eta Raku erretzea. Horrekin batera, “Focus gunea” ere muntatuko dute, zeinean su arteko ezohiko formak erakusteaz gain, kolektiboei ere leku egingo dien.

Historikoki metalgintzari lotua izan den eta den Bastida herria, zeramikaren plaza nagusia bihurtuko da bi egunez.