Iurre BIDEGAIN
Interview
Amaiur ALFARO
La Solitaire du Figarro zeharkaldiaren parte hartzailea

“Ez dut sailkatzeko anbiziorik, plazera sentitu nahi dut itsasoan”

Bost urte darama lasterketatik urrun Amaiur Alfarok. La Solitaire du Figarro zeharkaldia hautatu du faltan botatzen duen emozio horren hutsunea betetzeko. Igandean Le Havretik abiatu eta iraila erditsura arte lehian arituko da, anbizio bakarra lagun: itsasoaz gozatzea. 

Zazpigarren aldiz parte hartuko du Alfarok La Solitaire du Figarro zeharkaldian.
Zazpigarren aldiz parte hartuko du Alfarok La Solitaire du Figarro zeharkaldian.

La Solitaire du Figarro ezaguna zaizun lasterketa da. Zergatik erabaki duzu berriz parte hartzea hainbeste urteren ondotik?

Zazpigarren aldia da parte hartzen dudala, beraz ongi ezagutzen dudan lehiaketa da.
2001 eta 2005 urteen artean parte hartu nuen, eta azkena 2013an egin nuen.

2013az geroztik, beste proiektu potolo bat egitea pentsatua nuen: Vendée Globe. Baina, beste aurrekontu batzuk dira eta oso zaila da horiek atzematea. Aurten, Vendée Globe prestatzeko La Route de Rome egin behar nuen, eta azkenean arrazoi ezberdinengatik ezin izan dut parte hartu. Orduan, La Solitaire du Figaron parte hartzea erabaki dut.

Figaro II belaontzia banuen, azken 2011-2012 eta 2013an parte hartu bainuen barku horrekin. Lortu nuen itsasontzi hori berriz erostea lagun batzuen artean. Orduan, itsasontzi hori Euskal Herrian zegoen eta erabiltzen dudan barku bat da. Azken urtea da La Solitaire du Figaro II belaontziekin lasterketa egiten ahal dela. Heldu den urtetik aitzina Figaro IIIak beharrezkoa dira.

Banekien aurrekontu txiki batekin parte hartzeko ahalmenak atzematen ahal nituela. Aitortu behar dut falta handia sentitzen nuela nire baitan.

2013az geroztik ez duzu lasterketa batean parte hartzen. Zertan ibili zara azken bost urte hauetan?

EVI nautika bela eskola zailtasun handietan zen eta energia handia jarri behar izan dut salbatzeko. Horretan ibili naiz eta paraleloki entseatzen nintzen aurrekontuak atzematen beste proiektu batzuk burutzeko. Ez naiz lasai egon, alderantziz, jo eta su.

Prestatu zira La Solitaire du Figarro lasterketan parte hartu ahal izateko?

Ez, ez sobera. Egia erran azken mementoko erabakia izan da. Maiatzean erabaki nuen eta antolakuntzari deitu nion. Azkenean, ekaina bukaeran aukera zegoela ikusi nuen. Prestaketa handiena itsasontzia bera prestatzea da, kontrol anitz egiten baitituzte hemen eta horretan murgilduak gara.

Lasterketaren izena bera bezala, bakarrik murgildu zara abentura honetan?

Christophe le Bas normandiarraren laguntza dut. Hastapenean elkarrekin aritu ginen, lehiaketa bat batera egin genuen 2012an, hain zuzen. Uztailaz geroztik, laguntza eskaintzen dit.

Paraleloki, EVI nautika bela eskolak ere parte hartzen du itsasontzia prestatzeko ahalak emanez. Halaber, Euskal Ocean Lab elkartean diharduen jendea ezagutu dut. Erakundeak ingurumenari buruzko proiektu bat jorratzen du. Lasterketa hasi baino lehen galdetu zidan bere marinela izaten ahal nintzen itsasoen babesari buruzko informazioa zabaltzeko.

Bi entitate horiek babesten ditut eta ohorez aitzina eramaten ditut.

Nola sentitzen zira La Solitaire du Figarro lasterketa abiatu baino lehen?

Orain arte sentitzen nuen falta horrek gogoa ematen dit, inoiz baino gehiago. Gainera, presio gabe joaten naiz eta hori ikaragarria da. Uretan emanen dut dudan guztia eta hori egitea lortzen badut kontent izanen naiz nire buruaz. Ez dut sailkapen anbiziorik. Eman nahi dut dudan guztia eta plazera sentitu nahi dut itsasoan.

EVI nautika bela eskola zein Euskal Ocean Lab elkartearekin lankidetzan, beste proiektu batzuk aurreikusi dituzue etorkizunerako?

Segur baietz. Eusko Ozean elkartearen proiektua garatzen segituko dugu, hots, Vendée Globe egitea energia berriztagarriekin. Zientifikoek ere parte hartuko dute ura ikertzeko, itsasoaren aktibitateak agerian uzteko… Hiru arlo jorratzeko xedea dugu: kirola, zientzia eta pedagogia.