Militante abertzaleen bankuko kontuek blokatuak segitzen dute

Bai Batasunaren auzia, baita 7/2009 ikerketa ere, Ipar Euskal Herriko sei herritarren kontrako auzibideak bururatuak dira, baina haien kontuak oraindik ezin erabiliak dira.

Goizeder TABERNA|06/08/2018 09:07|0 commment
Manifestation_batasuna_baiona_02
Batasunaren kontrako polizia operazioaren ondotik, manifestaldi batek zeharkatu zituen Baionako karrikak 2008an. © Nicolas MOLLO

Batzuei 2008an blokatu zizkieten, besteei ondoko urtean. Hamar urte berantago, Ipar Euskal Herriko sei militante abertzalek ez dituzte haien bankuko kontuak baliatzen ahal oraindik. Alta, haietako nehork ez du auzibiderik idekia gaur egun.

Azken erabakia Madrilen hartua izan zen maiatzan : 7/2009 ikerketari segidarik ez ematea erabaki zuen Audientzia Nazionalak. Errekurtso aukerak xahuturik, egun, EHAKren dirua errezibitu izanagatik ideki auzibidea eteteko erabakia behin betikoa da. Besteren artean, Giuliano Cavaterra, Zigor Goieaskoetxea eta Patricia Martinon lapurtarrak agertzen ziren dosier horretan. Haien konduek ezin erabiligarriak segitzen dute.

Gisa berean, Xabi Larralde, Aurore Martin eta Jean-Claude Aguerrenak ere blokatuak dira. Haien kasuan, Batasunaren kontrako dosierra batean sartu zituen Madrilgo Audientzia Nazionalak eta, orain, parketarekin izenpetutako akordio baten ondorioz, auzibidea bururatua da. A. Martin izan zen izenpetzen lehena, duela bi urte eta erdi, eta oraindik ez du lortu bere egoera aldatzen.

Operazio bat eta bera

Bi dosierren iturburuan, operazio bat eta bera izan zen : Batasuna alderdiaren kontrakoa, 2008koa. Arlo ekonomikoa aztertzeko, eta hamarka militantek EHAK alderdiarengandik ukan diruaren jatorria aztertzeko, 7/2009 ikerketa abiatu zuen auzitegi espainiarrak. Kontuen blokatzea, beraz, hortik heldu da, baina frantziar epaile batek gauzatu zituen Ipar Euskal Herrikoen kasuan. Tartean, beste auzibide bat ideki zuen frantziar justiziak, diru zuriketagatik ikerketa abiatzeko. Memento horretan ere, kontuen blokatzeak agindu zituen Le Vert epaileak.

Korapilo horren barnean, hamar urte horietan guzietan, ikertutako eta auzipetutako herritarrek ez zekiten zein epaitegik eta zein arrazoiengatik hartu zituen erabakiak. "Egoera arrunt arbitrarioa zen", salatu Xabi Larralde Batasunako mahakide ohiak, "ez dugu ez interlokutorerik izan, ez elegitea aurkezteko posibilitaterik. Alta, lehen, bi Estatuek bai bazituzten koordinaziorako eremuak, administrazio bakoitzak mintzakide bat bazuen ondoko Estatuan".

Espainiar epaile baten agindu

"Dena ETA da" izpirituarekin garai batez harturiko erabakiak desegiteak, egiteak baino denbora gehiago eskatzen du. "Desblokeatzeko prozedura jada konplikatua da Estatu espainiarrean diren kontuen kasuan, beraz bi administrazio direnean artean, oraindik gehiago", azaldu du Iker Urbinak, besteak beste, Giuliano Cavaterraren abokatua denak.

Azken honek hilabeteak iragan ditu informazioak bilatzen, nora jo jakin gabe. Aurtengo neguan hasi zen Pariseko Parketako prokuradore orde baten erantzunak errezebitzen : espainiar epaile baten agindu batek soilik desblokeatzen ahalko lituzke kontuak, AGRASC deituriko erakundeak atxiki zituenak. Garai hartan, kontu batzuk blokeatu zituzten, baina beste batzuk atxiki.

Aurore Martinen kasuan, Madrilgo epaile batek Estatu frantsesean kokatua den bere bankuari zuzenean galdetu zion berriz idekitzea, urte hasieran. Finantza erakundeak agindua frantziar epaile batek egin behar duela erantzun zion orduan. "Epaileak ahoz segurtatu digu Frantziako lotura magistratuarekin harremanetan jartzen saiatu dela, baina ez dugu ondoriorik ikusten", kezkatu da Amaia Izko, Aurore Martinen abokatua. Nahiz eta nahasmena oraindik agerikoa den, bide egokia xerkatzen segituko duela baieztatu du abokatuak.