Reportage
 
Euriteak eta hezetasuna uzten amesgaiztoak

Abeltzaintza, baratzezaintza zein mahasgintzarentzat urte “zaila eta neketsua” izan da. Azken hilabeteetako euriteek eta hezetasunak laborari, baratzezain eta mahasgileen ohiturak aldarazi dituzte. Neguko uztari begira, aterabideen bila ari dira jada. Biharko Lurraren Elkartea eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara bezalako erakundek laguntza eskaintzen diete uzta ahalik eta emankorren izan dadin.

Iurre BIDEGAIN|06/08/2018 09:07|0 commment
Ber_riouspeyrous_11
Aurreikuspenek diote %20-40eko galerak izanen dituztela mahasgintzek. ©Gaizka Iroz

Eguraldia laguna ala etsaia izan daiteke lurrarekin lan egiten dutenentzat. Aurten, zoritxarrez, euriak, babazuzak baina batez ere irauten duen hezetasunak uztak trabatu dituzte. Ohiturak aldatu behar izan dituzte eta horrek eragin zuzena izan du, besteak beste, belarren mozketan eta barazkien haztean.

Mikel Negelua laborari gazte donaixtiarrak eurite handiak pairatu ditu. Normalean, kabalak mendira igo eta berrogei egunetara belar mozketei hasiera eman ohi die. Bi belar mozte burutzen ditu udan: lehenengoa behientzat erabiltzen den bazka da eta bigarrena ardientzat. "Ekaina hasieran gertatu behar zena, arrunt hilabete bukaeran egin dugu denbora txarrarengatik", aipatu du. Horrek eragin zuzena du belarraren kalitatean. "Landarea hasieran freskoa da, emeki-emeki indarra ematen dio haziari eta gero liliari. Berant moztu dugunez, lodiagoa da eta ez dute hainbeste jaten animaliek", erantsi du.

Charlène Cross BLE elkarteko abeltzaintza animatzaileak azaldu duenez, belarra berant moztu behar izan dutenez, neguko erreserbak erabili behar izan dituzte eta ezin izan dute heldu den urteari begira gordekinik egin. Hori dela eta, belarrak erosteko eskaerak emendatu dira. BLE zein Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) erosle eta saltzaileen arteko zubi-lanak egiten dituzte.



Gauza bera pasa da baratzezaintzan. Manu Bonus barazki ekoizpenaz arduratzen den EHLGko langilearen erranetan, zortzi hilabeteko euriteen ondotik, landareak arnasarik zein argirik gabe gelditu dira. "Lurrak ur gehiegi duenez, sustraiak gainean gelditzen dira. Lurra andeatua da eta ezin du indarra berreskuratu heldu den uztarako", azaldu du.

Aterabide gisa, baratzezainek negutegiak emendatzen dituzte eta gisa horretan aterpean dauden ekoizpenak biderkatzen dituzte. Udako landareak kendu eta neguko produkzioak jarriko dituzte irailetik aitzina.

Maite Goyenetche BLEko langilea bat dator Manu Bonusekin. "Lurra tinkatu da eta ezin izan dituzte landaketak baldintza onetan egin. Horren eraginez, udako produkzioa hilabete baten berantarekin dator", gehitu du. Tomateen adibidea gogora ekarri du. Normalean, uztailaren 1 eta 14aren artean hazten dira, baina aurten hilabete bukaeran hazi dira.

Mahasgintza: galera nabarmenak

Mahasgintza alorrean ere arazoak bizitzen dituztela deitoratu du Goyenetchek. Bi problematikei aurre egin behar diete ekoizleek. Alde batetik, maiatza eta ekainean loratze garaian euria egin duenez, loreak "isurtu" direla dio.

Bestalde, hezetasunak "Mildiou" deituriko eritasuna ekarri duela azaldu du. Hau da, mahastiaren hostoetan zein golkoan agertzen den onddoak produkzioa suntsitzen du. "Aurreikuspenek diote %20-40eko galerak izanen dituztela mahasgintzek", iragarri du. Gaur egun, mahastizainen helburua ahal bezain bat golko salbatzea da.

Aroaren gora beheren menpe diren laborariak laguntzeko, Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbarak galeren aitorpen ofiziala galdegin dio Estatuari. Hala balitz, laborari bakoitzak aurkeztuko lukeen txostenaren arabera, galeren %60eko laguntza lortzen ahalko luke, besteak beste. Laborantza Ganbararen neurketek diotenez, Biarnoko eta Ipar Euskal Herriko lurraldea hartuz, 30-40 etxalde adina galera izan da azken sasoi honetan.

Euskalmetek argitaratutako informazioen arabera, uztaila oso beroa izan da eta batez ere oso hezea mediterraneo isurialdean eta kostaldean. Beste urteei konparatuz, udan zehar bero gehiago eginen duela diote adituek. Beste behin ere, ekoizle zein laborariak kontrolatu ezin duten eguraldiari egokitu beharko dira.