Asier AIESTARAN

Euskal Selekzioa pilota txapelketa batean ari da

Nazioarteko joko zuzenen eta one wall jokamoldeen lehiaketa parte hartzen du Euskal Selekzioak Herbehereetan, larunbatera arte.

Ostiral honetan, one wall txapelketa izanen da.
Ostiral honetan, one wall txapelketa izanen da.

Abustuaren 2tik, ostegunetik, larunbatera bitartean euskal selekzioak Nazioarteko Esku Pilotako Konfederazioak (CIJB) antolatzen duen Europako Txapelketan hartuko du parte. Lehiaketa Holandako Franeker hirian da eta Euskal Herria ordezkatuz hamaika pilotarik hartzen dute parte.

Amaia Araiztegi, Patri Espinar, Olatz Arrizabalaga, Inhar Ugarte, Iban Jauregi, Iñaki Esnal, Ekhi Ziarrusta, Lur Ziarrusta, Iker Kamiruaga, Gaizka Iruretagoiena eta Pantxo Valencia dira hautatuak. Azken hori Senperekoa da. Horiek guziak Jose Mari Mitxelena eta Aitor Erauzkin teknikariek lagundurik aritzen dira.

Hiru jokamolde desberdinetan dira lehiaketak. Joko zuzenen multzoan sartzen diren llargues eta nazioarteko moldeak –bote luzearen egituraketa berdina dute eta batetik bestera eremuaren neurria eta pilota bakarrik aldatzen dira–, eta one wall izenekoa, azken urteetan Euskal Herrian ere ikusgai izan dena zenbait torneotan –txaparik gabeko frontisa erabiltzen da eta beste hormarik ez–. Ez dira euskal pilotariek gehien lantzen dituzten jokamoldeak, baina maila oso polita erakutsi izan dute lehiatzeko aukera izan dutenean.

Lehiaketa ostegunean hasi da nazioarteko jokamoldean, gizonezko nahiz emakumezkoetan. Euskal Herriak gizonezkoetan bakarrik hartzen du parte eta B multzoan dago, Belgika eta Ingalaterrarekin batera; A multzoan, berriz, Valentzia, Holanda eta Frantzia daude. Lehenik ligaxka bat dago, talde bakoitzak bi neurketa jokatuz, eta aurreneko biek finalerdietarako sailkapena eskuratuko dute.

Ostiral honetan, nazioartean hainbeste arrakasta duen one wall jokamoldearen txanda izanen da. Hiru mailatan jokatuko da, gizonezkoak binaka, emakumezkoak binaka eta emakumezkoak banaka. Mutikoetan, Euskal Herria B multzoan dago, Holanda eta Ingalaterrarekin batera, eta nesken binakakoan ligaxkako aurkariak Holanda eta Italia izanen dira. Hemen ere lehen biak sailkatzen dira finalerdietara.

Nesken bakarkakoari dagokionez, hiru ordezkari izanen dira: Amaia Araiztegi A multzoan, Olatz Arrizabalaga B multzoan eta Patri Espinar E multzoan. Multzo bakoitzean lau pilotari daude eta bakoitzak hiru partida jokatuko ditu ligaxkan, baina lehenak bakarrik lortuko du kanporaketetara sailkatzea.

Txapelketa larunbatean bukatuko da llargues jokamoldearekin. Gizonezkoen mailan bakarrik jokatuko da, eta Euskal Herria A multzoan dago Belgika eta Frantziarekin batera. Formatua aitzineko egunetakoaren berdina izanen da.