Aske utzi dute sexu eraso batengatik atxilotutako landestarra

Baionako bestetan neska bat bortxatu izana leporatzen dioten landestarra ez da akusaziopean ezarria izanen. Mont-de-Marsaneko ikerketa epaile baten galderei erantzun eta, “lekuko lagundu” gisa aske utzi dute.

Kazeta|03/08/2018 12:39|0 commment
Capture_d_e_cran_2018-08-03_a_14
Baionako bestetan Aitzinak antolatutako argazki erraldoia. ©Aitzina

Baionako bestetan 21 urteko emazte batek ustez pairatutako sexu erasoa dela eta, 37 urteko landestar bat atxilotu zuten abuztuaren 2an. Mont-de-Marsango ikerketa epailearen aitzinetik pasa zen larunbat gauean gertatutakoaz xehetasunak azaltzeko. Jujeak, bere kontra froga askirik ez dela kontsideraturik, "lekuko lagundu" gisa aske utzi du. Estatus horri esker abokatu bat galdetu dezake.

Ikerketaren lehen emaitzen arabera, Baionako bestetan elkar ezagutu eta tren bat hartu zuten gizonaren etxera joateko Saint-Paul-les-Dax herrira. Gizonak Britainia Handiko neskarekin sexu harremana izana onartu zuen, baina berak dio gelditu zela neskaren ezezkoa jaso bezain laster.

Neskak landestarrak bortxatu duela deklaratu du. Poliziari emandako azalpenen arabera, ez da oroitzen nola ailegatu den apartamentura. Ustezko erasoaren ondotik, Akizeko komisaldegira joatea erabaki zuen salaketa bat aurkezteko.

Ikerketak bortxaketa edo onartutako harreman bat izan denez jakitea du helburu. Gertakariak argitzeko Akizeko prokuradoreak informazio judizialari hasiera ematea erabaki du.

Baionako besten garaian aurkeztutako bigarren salaketari dagokionez, poliziak erasotzailea bilatzen du oraindik. Oroitarazi behar da, bigarren kasu honetan biktimaren erranetan, ustezko erasotzaileak bere onarpenik gabe beste praktika batzuetara pasa nahi zuela.


RELATED NEWS