Kazeta

Bidaxune eta Bardozeko laborantza guneak babesik gabe

Laborantzaren arloan laguntza behar duten herrien zerrenda berria argitaratuko du Gobernu frantsesak irailean. Orain arte sostengu ekonomikoa eskuratzen zuten herri batzuk zerrendatik desagertuko dira, hala nola, Bidaxune eta Bardoze.

Gaur egun, Bardozen berrogeita hamar bat etxalde daude. ©Gaizka Iroz
Gaur egun, Bardozen berrogeita hamar bat etxalde daude. ©Gaizka Iroz

Orotara, laborantza jorratzen duten departamenduko 80 herri frantziar Gobernuak definitzen duen zerrendatik desagertuko dira. Orain arte, laborarien biziraupenerako ezinbestekoak ziren diru laguntzak jasotzen zituzten. Horien artean dira, Bidaxune eta Bardozeko herriak.

Diru laguntzak ordezkatzeko kalte-ordainak iragarri ditu Gobernuak. Haatik, horien kopurua zein iraupena ezezaguna da oraingoz. Ezegonkortasun horrek Ipar Euskal Herriko bi herritako auzapezen arrangurak sortu ditu, erabakiak, beren ustez, eragin zuzenak izanen baititu tokiko laborantzan.

Aterabideak xerkatzeko xedez, herrietako auzapezek laguntza eskatu diete hainbat erakunderi: Euskal Elkargoa, Departamenduko Kontseilua, prefektura eta suprefektura. Halaber, legebiltzarreko diputatuengana ere jo dute auzapezek. Nahiz eta erabakia irailean plantan emanen duen, anitzen erranetan, zaila da erabakiak gibelera egitea.

Bardozeko auzapeza den Jean-Paul Diribarnek laborantzak bizi duen egoera deitoratu du. Adibide gisa, esnearen prezioa aipatu du. Badira berrogei urte prezioa egonkorra dela, nahiz eta ekoizleen gastua emendatu. Gaur egun, Bardozen berrogeita hamar bat etxalde daude. Auzapezaren aburuz, Gobernuaren erabakia oztopo bat izan daiteke gazteek etxaldeen segida hartu dezaten.

Sostengua jaso dezaketen herrien hautaketaren irizpideak zalantzan eman ditu Diribarnek. "Ez dakigu zeintzuk diren irizpide horiek", erantsi du. Azpimarratzekoa da Biarritz zerrendaren parte izanen dela laster, nahiz eta bertan etxalderik ez izan. Bardozeko auzapezak gauzak aldatzeko indarrak ematen segituko duela argi utzi du.