Besten ordainketa mantenduko du Etchegarayk

Aurreikuspenak gainditu ditu Baionako besten ordainketa sistemak eta heldu den urtean errepikatuko da. Eraso sexistei dagokienez, bi emaztek salaketak aurkeztea erabaki dute. Gertakariak argituko direnean, Herriko Etxeak parte zibil gisa jardun dezakeela berretsi du Jean-René Etchegaray auzapezak.

 

Iurre BIDEGAIN|01/08/2018 13:52|0 commment
Guz_sous_prefet_etxegarray_bobedme103
Jean-René Etchegaray auzapeza eta Hervé Jonathan suprefeta. ©Bob EDME

"Satifos", hala sentitzen da Jean-René Etchegaray auzapeza aurtengo Baionako besten ondotik. Bere erranetan, nahiz eta bisitarien kopurua %10a apaldu den, 2018ko edizioa "bikaina" izan da, besteak beste, "segurtasun sentimendua" indartu delako. Hain zuzen, segurtasun neurrientzat 200.000 euro gehiago bideratu ditu aurten Herriko Etxeak.

Lehenengo aldiz asteburuan sarrera ordaintzea erabaki zuen Herriko Etxeak eta aurreikuspenak gainditu ditu sistemak, zalantzarik gabe. Hori dela eta, heldu den urtean ere ordaindu beharko dute bestazaleek.

Orotara, 162.000 eskumutur saldu dira eta 45.000 banatuak izan zaizkie herritarrei zein bestetako "eragileei" (40.000 herritarrei eta 5.000 gaineratekoei). "Espero genuen 150.000 eskumutur saltzea, ahalik eta hobekien ateratzen bazen", aipatu du auzapezak.

Eraso sexistak: bi salaketa

Etchegarayren bilan baikorraren ondotik, Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak hitza hartu du lau gertakarien berri emateko. Horietariko bi ikertzen ari direla erran du. Lehen kasuan, biktimak Akizeko apartamentu batera joatea onartu eta, nahi ez zituen harremanak izatea leporatu dio erasotzaileari. Akizeko prokuradorea kasuaz arduratzen da.

Bigarren kasuan, hasiera batean harremanak izan ondotik, erasotzaileak beste praktika batzuetara pasa nahi izan zuen biktimaren onarpenik gabe. Hori dela eta, bortxaketa salaketa bat aurkeztu du emazteak. "Biktimaren hitza zalantzan ezarri gabe, erran behar da hasieran biak ados zeudela, baina bukaeran gertakariak biktimaren onarpenik gabe burutu zirela", gehitu du Vuelta Simonek.

Etchegarayk bi gertakariak argituko direlarik, Herriko Etxeak errandakoa beteko duela azpimarratu du. Hots, parte zibil gisa jardun biktima sostengatzeko xedez.

Beste bi gertakariri aipu egin die ere prokuradoreak. Lehenengoa besten hasieran gertatu zen. Bortxaketa salaketa bat aurkeztu zuen neska batek eta beranduago kentzea erabaki zuen. Ikerketa burutu eta, "azalpenek errealitatearekin bat egiten ez zutela" aipatu du Vuelta Simonek.
Halaber, auto-stop egin zuen mutil batek pairatutako erasoa azaldu du. Gidari batek, gogoz kontra, hunkituak egin zizkion, baina salaketarik ez aurkeztea erabaki du biktimak.