Aurreikuspenak gainditu ditu bukatu berri den EuskArabenturak

Uztailaren 1ean Maulen abiatu zen abentura bukaerara ailegatu da. Done Jakue bidea segituz, 783 kilometro egin dituzte Euskal Herri osoko gazteek. Aurreikuspenak “aise” gainditu direla diote antolatzaileek.

Kazeta|01/08/2018 07:15|0 commment
Capture_d_e_cran_2018-07-31_a_11
Oma basoa ezagutzeko parada izan zuten gazteek. ©Euskarabentura

EuskaraAbentura zer den hitzez azaltzea "ezinezkoa" dela diote egitasmoaren parte hartzaileek. Hogeita hamaika egun hauetan "elkarrekin hazi, aberastu, ikasi eta maitatu" direla aitortu dute. Hilabete hasieran abiatu zen abentura uztailaren 31n bukatu da Getxon.

Hamaika taldetan banaturik, 110 gaztek parte hartu dute euskararen erabilpena sustatzeko helburua duen abenturan. Nahiz eta Ipar Euskal Herritik hiruk ibilbidea hasi, bakar bat bukaerara ailegatuko da. Hogeita hamaika egunez, 783 kilometro gainditu dituzte, horietariko 420 oinez burutu dituzte.

Euskal Herriko zazpi probintzietan euskarak bizi duen errealitateaz jabetzeaz gain, ondare material eta immaterialak ezagutzeko parada izan dute gazteek. Halaber, besteak beste, eduki kulturalak, historikoak, artistikoak zein musikalak landu dituzte. Horrez gain, ingurumenaren aldeko baloreak transmitituak izan zaizkie. Abenturaren lehentasunetariko bat hondakinen kudeaketari arreta eskaintzea zen eta hala egin dute ibilbidean zehar. Ekoiztu dituzten 1.150 kilo zabor birziklatzeko indarrak egin dituzte.

Parte hartzaileen artean sorturiko giroa "ezinhobea" dela nabarmendu dute. Ehundu den sarearen "indarra" goraipatu dute, hain zuzen. "Denbora beharko da bisitako guztia barneratzeko eta ondo ebaluatzeko", diote antolatzaileek.

Azken kilometroak

Espedizioaren azken hogeita lau orduak Bilbon gaindi pasa dituzte. Arriaga Antzokiaren aitzinean hainbat sormen lan aurkeztu zituzten gazteek astelehenean. Horien artean, Odei Barroso, Miren Amuriza, Ander Lipus, Ximun Fusch, Peter zein Kattalin Ansorena eta Myriam Perezen laguntzari esker sorturikoak. Bizkaia Zubia zeharkatu eta, abenturari bukaeran eman diete Getxon iragan den ekitaldian.