Euskara Frantziako Tourran ikus eta entzungai

Departamenduak, Euskararen erakunde publikoak, herriek eta Euskal Elkargoak lan egin dute euskara presente izan dadin Ezpeleta eta Senpere artean uztailaren 28an.

Kazeta|31/07/2018 10:00
05d0ecc772
Euskaraz ariko diren bi hizlari izanen dira Ezpeletan eta Senperen. © Mintzaira.fr

Txirrindularitza izarra izanen bada ere uztailaren 28an, tokiko hautetsi eta eragileak saiatu dira beste zerbait aurrera eramaten Frantziako Tourra iraganen den egunerako Ezpeleta eta Senpere artean. Hain zuzen, euskarak entzugai eta ikusgai izan beharko du egun horretan.

Seinaletikaren aldetik, Euskararen erakunde publikoak lagundu du Pirinio Atlantikoetako departamendua panelak bi hizkuntzetan izan daitezen. Ezpeletako eta Senpereko herriek euskaraz mintzatuko den hizlari bana ukanen dute. Ezpeletan Euskal Irratietako Oihana Daguerre izanen da, eta Senperen France Bleueko Amaia Cazenave.

Euskal Elkargoak ere euskararen aldeko jarrera adoptatu du. Gidaliburu bat plantan eman du Tourrak zeharkatzen dituen herri guztietan, eta bertan lasterketari dohakion euskarazko hiztegia aurki daiteke.

Txirrindulariak ibiliko diren lekuetara joateko autobusak antolatu ditu ere Euskal Elkargoak. Gidaliburuak horietan ere banatzea aurreikusia du. Bide bazterrean berriz, hainbat banderola jarriko ditu, eta bi hizkuntzetan "Gure indar guziez" mezua irakurtzen ahalko da.