Emazte batek bortxaketa bat salatu du Baionako bestetan

25 urteko neska besta eremuan ostiralean desagertu eta biharamunean Baionatik 50 kilometrora, Akizen, azaldu zen, auto batean. Samuel Vuelta-Simon prokuradoreak "izaera sexuala duen erasotzat" jo du gertatutakoa eta afera Landesen ikertuko dutela iragarri du.

Maite UBIRIA BEAUMONT|31/07/2018 09:03|0 commment
Guz_fetes_bayonne_2018_bobedme103
Baionako karrikak zeharkatu dituen peñen desfilearekin hasi da beste azken eguna. © Bob EDME

Baionako bestak igande gauean bukatu ziren. Corso argituaren desfileak eta Herriko Etxean antolaturiko zeremoniak itxiera ofiziala eman zieten lau egunez eta bost gauez luzatu diren ospakizunei. Handik aurrera, besta gosez jarraitzen zutenek aukera izan zuten giro lasaiago batean parranda luzatzeko.

Baionarrek bezala hiriak egun batzuk beharko ditu normaltasunera bueltatzeko. Garbiketa lanak goizean goiz abiatu ziren atzo, Lapurdiko hiriburuan.

Hartara, karriketan ezarritako egiturak –dela bigantxak ikusteko harmailak dela besta eremuan sartzeko aurten lehen aldikoz ezarritako ordaintokiak– desmuntatu eta biltokietara eramateko joan-jinetan ibili ziren udal langileak.

Herriko Etxeak "agian egun batzuk gehiago ere" beharko ditu bestetako azkeneko hiru egunetan hirian sartu ahal izateko ezarritako dispositiboari buruzko "bilan zehatza" egiteko.

Datu ofizialen zain, ostatuetako jabeen zein bestetako eragile anitzen ahotik aurtengoan "jende gutxiago ibili dela" entzuten da. Batzuk kexu, beste batzuk, ordea, kontent azaltzen ziren atzo, "giro lasaiago batean besta egin ahal izan dugulako".

Jaietako azken egunak, ordea, albiste iluna ekarri zuen. Hain zuzen ere, bestetan bi bortxaketa salaketa izan zirela jakinarazi zuten igandean.

Erasoak bai, bortxaketarik ez

Baionako prokuradoreak, Samuel Vuelta-Simonek, atzo “Mediabask” astekariari azaldu zionez, "hiruzpalau" salaketa jaso zituzten jaietan. Izan ere, "salaketa horiek sexu eraso bezala aztertzen ditugu ez bortxaketa gisa", zehaztu zuen fiskalak.

Alta, Pirinio Atlantikoetako prefeturak bestetako laugarren gaualdiari buruzko bilana eginez herenegun plazaratu zuen oharrean jaso zuen pertsona batek hilaren 26an bortxaketa salatu baina ondoren bertan behera utzi zuela.

Horretaz gain, igandean bertan, 25 urteko neska batek bortxaketa salatu zuen. Neska besta eremuan zelarik bistatik galdu zuten bere lagunek ostiralean. Biharamunean Baionatik 50 kilometrora, Akize hirian azaldu zen, auto batean. Neskak ez du oroitzapen zehatzik gertatukoari buruz, baina bortxatu egin zutelakoan salaketa ezarri zuen igande goizean Baionako komisarian. GARAk jakin ahal izan zuenez, neskaren lagunek haren lekukotasuna babestu zuten ondotik poliziaren aurrean.

"Izaera sexuala duen eraso bezala" ikertzen ari direla salaketa hori zehaztu zuen Samuel Vueltas-Simonek, auzia Akizeko prokuradoreak bere gain hartu duela jakitera eman aurretik.

Bihar agerraldia eginen dute Baionako suprefeturaren egoitzan, jaietan martxan ezarritako segurtasun dispositiboari buruzko behin-behineko bilana azaltzeko. Bertan izanen dira Jean-Rene Etchegaray, Baionako auzapeza, Jonathan Herve suprefeta eta Samuel Vuelta-Simon bera.

Ohiko agerraldi horretan ospakizunek utzitako zifra nagusiak jakinaraziko dituzte, hala nola bisitarien kopurua. Aurten, hirian jakin-min handia dago eskumuturrekoak zenbat herritarrek erosi dituzten jakiteko. Horrekin batera, bestetan izandako gertakarien gaineko azken berriak ere emanen dituzte, besteak beste, eraso sexistei buruz.

Udala eta talde feministak

Besten atarian eraso sexistak gertatuz gero biktima babestearren parte zibil gisa jarduteko asmoa agertu zuen Udalak. Talde feministek elgarretaratzea antolatu dute astearte honetarako, arratsaldeko 6etarako, herriko etxe aitzinean.

RELATED NEWS