“Belako zaldünaren” ibilbidea oholtza gainera eraman dute

“Belako zaldüna” pastorala estrienatu dute Maulen uztailaren 29an. Ehun bat parte hartzailek ikusgarria eskaini dute 3.000 lagunen aitzinean. Abuztuaren 5ean berriz oholtza gainera eramanen dute Jean-Philippe de Bela mauletarraren bizia.

Allande ETXART|31/07/2018 14:30|0 commment
Capture_d_e_cran_2018-07-31_a_10
Abuztuaren 5ean pagolarrek pastorala berriz eskainiko dute.

Belako zaldüna 1730aren ondoko urteetan Frantziako Luis XV.a erregearen zerbitzuan egon zen, batean Polonian edo Austrian, bestean Suedian espioitza lanetan. 1745ean errege horren armadan sartu zen Volontaires Cantabres, gero Royal Cantabre deitua izanen zen euskaldunez osatu erregimentuan. Armada utzi ondoren Xiberoarat bizitzera jin zen eta bertako afera zonbaitez axolatu zen. Frantziako Iraultzak ondasun batzuk kendu zizkion, Garako artikuluak azaldu duenez.

Liburu batzuk frantsesez idatzi zituen Euskal Herriko historiaz eta hizkuntzaz, argitaratu gabeak. Haren osaba Athanase Belapeire famatu izan zen aitzineko mendean: “Katexima labürra” idatzi zuen, xibererazko lehen liburua. Oloroeko apezpikuaren Xiberoako ordezkari zenean, 1692. urtean, Lextarreko Biltzarrean erabaki bat onarrarazi zuen: parrokia guzietan "errejent" batek haur guzieri katixima irakurtzen erakatsiko zien.

"XIII. mendea da nire garai kuttunena", dio Erramun Garzia errenteriarrak. Berak ditu jantziak diseinatu eta 15 dendarirekin burutu. Elementu ikusgarriak azaldu dira taula gainean: ileorde xuriak, barneko motzak, kapa koloretsuak baita emazteen krinolinadun gonak eta jantzi luze eta ederrak ere.

Dantzari gazteak eta satanak Mauleko dantza eskolakoak ziren, gazte bezain trebeak. 2004an mauletarrek “Antso Handia” pastorala eman zuten eta segituan sortu zituzten Ürrats Berriak dantza eskola eta Kalaka emazte korua. Bien ekarpenak pastoral honetan ikusi dira.

Pastoralaren eguna 10.00etan hasi da meza kantatuarekin, gero karriketan ibilaldia, Jai Alaian bazkaria, 15.30ean ikusgarria eta 18.30etik aitzina elkarrekin giroaren gozatzea, eskola elebidunetako burasoek eskainitako ogitartekoekin. Bazkaria Eperra ikastolako burasoek eman dute, 500 leku eta denak aitzinetik hartuak, bertan jokalariak eta so egileak nahasirik. “Antso Handia” pastoraleko kantuak entzun badira, Xiberoots mauletar reggae taldearen kantu gehienak eman dituzte jokalariek. Ikustekoa zen nola, soinean XIII. mendeko ileorde xuriak eta jantziak, ematen zituzten oraingo reggae kantuak.

Agorrilaren 5an berriz emanen dute “Belako zaldüna”, programa berdintsuarekin. Bazkarien atxikitzeko telefonoa: 06 81 81 14 39.