Kazeta

Baionako bestetan gertaturiko eraso sexistak salatu dituzte mugimendu feministek

Aitzina, Eraso Sexisten Aurkako Kolektiboa/Zutik, Paf eta Planning familiala elkartu dira uztailaren 31an Baionako Herriko Etxearen aitzinean, besten denboran izan diren bortxaketa eta erasoak salatzeko.

Aski dela adierazi dute berriz ere gogorki. Uztailaren 31an, Aitzina, Eraso Sexisten Aurkako Kolektiboa/Zutik, Paf eta Planning familiala bildu dira Baionako herriko etxearen aitzinean besten karietara gertatu den bortxaketa salatzeko. Kereila bat jarria izan dela oroitarazi dute, eta gogoan atxikitzen dituzte aintzat egiteko beldur direnak.

"Denok dakigu ehunka edo milaka pertsona biltzen dituen horrelako ekitaldi batean, eraso sexistak, eraso homofoboak bezala, askoz ugariagoak izan direla" aitzinatu dute herriko etxearen aitzinean. Botere publikoen engaiamendua urrunagora joan dadila eskatu dute batez ere, telefono zenbaki berezia duen bulego iraunkor bat sor dezaten eskatuz.

Baionako bi hautetsiren sostengua jaso dute dena den. Izan ere Martine Bisauta eta Jérome Aguerre haiengana hurbildu dira. "Emakume gisa" garrantzitsua zela presente izatea erran du Martine Bisautak. Bortxatua izan den emakumearentzat "aitzin bat eta gero bat" izanen dela oroitarazi du tristeki. Herriko Etxea parte zibil gisa eratuko da auzirako.