Idoia ERASO

Liu Bolinen lana Baionako Didam gelan

Argazkilaritza, “body art”-a, eskultura bizia eta arte optikoa elkartuz irudiak sortzen dituen artista txinatarraren lanak Baionako Didam aretoan izanen dira ikusgai irailaren 16ra bitarte. “Hiding in the City” erakusketan, mundu osoan zehar sortutako obrekin batera, Biarritzen Surfrider Fundazioarekin elkarlanean egin zuen lana ikus daiteke. Baionako Herriko Etxeak Paris-Beijin galeriarekin batera antolatu du muestra.

Liu Bolin
Liu Bolin

Liu Bolinek orduak ematen ditu bere burua ezkutatzeko aukeratu duen gunearen aitzinean. Horma, paisaia, instalazioa edo monumentua izan, hondoaren kolore eta forma bera itxuratzen duten margoak ematen ditu bere gorputz osoan. Momentuko kamuflajea iraunkor bilakatzeko ikuspuntu zehatz batetik lortzen den irudia iraunkor egiten du argazkia ateraz.

Horrela, lehen begiradan hondoa besterik erakusten ez duen sentsazioa ematen du, baina begirada zorroztuz eta pertsonaia bilatuz agerian ezkutatua atzemanen du ikusleak. Estetikoki deigarria izatea baino gehiago da, hala ere, Bolinen lana, guneak edo instalazioak ez daudelako nolanahi hautatuak, zentzu sinbolikoa eta salaketa baitute beti gibelean.

Munduari begira eta munduan zehar ibili bada ere, lehen urratsak Txinan bertan egin zituen, bertako kultura politiko eta sozialari begira.

2005eko azaroaren 16ra arte BIAC (Beijing International Art Camp- Suo Jia Cun) gunean bizi izan zen Bolin, baina bertan ziren beste artista guztiekin batera kanporatua izan zen Olinpiar Jokoen prestaketen harira. Ekimen horrekin haserre eta suminduta, bere tailerreko hondakinen artean ezarri zen “ezkutatuta”. Protesta isil honen bitartez “Hiding in the City” (Hirian ezkutatuta) sailaren lehen lanak sortu zituen.

Margolari-laguntzaileak hondoan orduak pasatzen baditu, behin argazkia aterata lana bukatutzat ematen da, ondoren ez duelako inolako moldaketa digitalik egiten. Azken urteotan arrakasta handia bildu du mundu mailan, eta Estatu frantsesean ordezkari duen Paris-Beijing galeriak 30 lan hautatu ditu Baionako erakusketa emateko.

Lehen urteetan gai txinatarrak atzematen dira, “The Great Wall” (Txinako harresi handia) edo dragoi txinatarrak agertzen diren “Nine Dragons Screen” bezalakoak. Ondoko obretan kontsumo gizarteari egindako kritikak irudikatu ditu, denda handi bateko janari prestatuetako apalen aurrean agertzen den “Supermarket” edo “Paris Meat Factory”, non hiltegian zintzilik dauden haragi pusken aurrean dagoen, besteak beste.

“Charlie Hebdo”-ren erredakzioaren kontrako atentatua izan eta gero “Paris, Charlie” egin zuen, obran, aldizkariaren portaden aitzinean bertako 14 kazetariak “ezkutatu” zituen.

Surfriderrekin Biarritzen

2017an Surfrider Fundation Europekin batera “Marine Litter 01” (Itsas zaborra) proiektua egin zuen. Sortzailea Lapurdira heldu aitzin, fundazioko kideek, Biarritzeko eskoletako haurrekin batera, itsasoan zeuden hondakinak bildu zituzten, eta horiekin osatu zuten gero obraren hondoa izanen zena.

Baionan, argazkiaren ondoan horren osaketarako erabili zituzten hainbat elementu ezarri dituzte. Hondakinak eta horiek biltzen zituen poliestireno kutxekin batera kameraren kokapenaren erakusgarri den tripodea jarri dituzte.

Bolinek eginiko hainbat obraren sorrera prozesua azaltzen duen bideo bat ere bada, baita bisita gidatuak egiteko parada ere uda osoan, non Paris-Beijing galeriako Flore Dagoeulek azalpenak emanen dituen.

Erakusketarekin batera, hainbat ekimen izanen dira, hala nola film emanaldiak
Sortzailearen herrialdearen omenez zinema txinatarrari buruzko zikloa antolatu du Atalante aretoak. Abuztuan Dong Yueren “Une pluie sans fin” eta Oliviers Meysen “Bitter flowers” izanen dira. Irailaren 14 eta 15ean, erakusketa agurtzeko “Les âmes mortes” eskainiko da aurrestreinaldian, Wang Bing zuzendariarekin batera.

Wong Kar-Wairen“The Grandmaster” filma ere emanen dute, izarpean. Eguraldi txarra egiten badu Atalanten eginen dute.